Foto: BILBAO MENDI FILM FESTIVAL
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 6 (EUROPA PRESS)
Rebecca Martin National Geographiceko Espedizioen Batzordeko zuzendaria Bilbao Mendi Film Festival nazioarteko mendiko zinema jaialdian izango da, abenduaren 12tik 21era. Esploratzaile gazteen proiektuak diruz laguntzeko programa aurkeztuko du Martinek, lehen aldiz Europan, eta jaialdiko sariak erabakiko dituen epaimahaiko kide ere izango da.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, Rebecca Martin National Geographiceko Espedizioen Batzordeko zuzendaria da 1998tik; hain zuzen, bera izan zen beken programa hori bultzatu zuena, 1888an sortu eta izen bereko aldizkaria argitaratzen duen AEBetako erakunde entzutetsuan. Aurrez argitalpenaren lantalde editorialean aritu zen lanean.
Espedizioen programaren zuzendari izateaz gain, bera da elkarte geografikoak bultzatzen duen Tibeten Kontserbaziorako Funtsaren arduraduna, bai eta National Geographicen ordezkaria ere mendiko zinemako nazioarteko bi jaialdi entzutetsutan: Banffeko (Kanada) eta Tellurideko (Colorado, AEB) jaialdietan, hain zuzen.
Esploratzaile Gazteentzako Bekaren bidez, National Geographicen asmoa da 18 eta 25 urte bitarteko pertsonen artean abenturarako eta ikerketarako grina bultzatzea. Beka hori lehen aldiz aurkeztuko da Europan.
National Geographicek 126 urteko ibilbidean babestu eta lagundutako espedizio eta proiektuetako batzuk dira Machu Picchuko indusketak 1912 eta 1915 artean, Hego Poloaren gainean eginiko lehen hegaldia, Jabe Goodallek txinpantzeei buruz eta Diane Foseyk mendiko gorilei buruz eginiko ikerlanak, 'Titanic' ontziaren aztarnak aurkitu zituen urpeko arkeologia proiektua, Tibeteko Tsnango Gorge ur jauzien aurkikuntza edota Jacques Cousteauren urpeko esplorazioak.
Rebecca Martinen eskutik gauzatu dira National Geographicek azken urteotan diruz lagundutako esplorazio egitasmo interesgarrienetako batzuk: adibidez, Michael Fayk 3.200 kilometro egin zituen oinez, 455 egunetan, Kongoren arroan, ibaiaren ingurumen baldintzak ikuskatzeko (Mega Transec proiektua); eta Ed Viesturs mendizale estatubatuarrak, berriz, munduko 14 gailur altuenak igo zituen oxigeno artifizialik erabili gabe.