Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Osasunaren XXIV. Biltzarra egingo du Donostian gaur eta bihar

Actualizado: viernes, 4 abril 2014 10:23

DONOSTIA 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) antolatutako Osasun Biltzarraren 24. edizioa ospatuko da gaur eta bihar, apirilak 4 eta 5, Donostiako Miramar Jauregian. Bi egunetan zehar, osasun hezkuntzari buruzko gaiak jorratuko dira, 12 hitzaldi, 12 ahozko komunikazio eta 25 poster, bi tailer eta dokumental baten bidez. Jardunaldia osasunaren arloko langile eta ikasleei zuzenduta dago batez ere, baina bestelako kolektiboei ere irekita dago.

Irekiera ekitaldian Ana Arrieta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Txelo Perez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen Laguntzarako zuzendari nagusiak parte hartu dute.

Komunikazioen aurkezpenez gain, lau ildo nagusi jorratuko dituzten mahai inguruak antolatu dira jardunaldiotan: "Aztura osasungarriak", "Gaixotasun kronikoak", "Heriotza" eta "Osasun arloko langileen hezkuntza".

Lehenengo mahai ingurua aztura osasungarriei buruzkoa izango da eta bertan ondorengo hiru gai hauek jorratuko dira: "Prebentzioa eta ohitura osasungarriak", "Obesitatearen prebentzioaren eraginkortasuna Pediatriako kontsultan" eta "Minbizia: bizitza azturak eta norbanakoaren ardura, faktore psikologikoak eta emozionalak".

Bigarren mahai inguruak gaixotasun kronikoak izango ditu hizpide eta entzungo diren hitzaldiak esperientzia praktikoei buruzkoak izango dira: "Paziente bizia programaren garapena eta txertaketa osasun erakunde batean", "Gaixotasun kronikoen Osasun Hezkuntza Beasaingo lehen mailako unitatean" eta "Gaixo kronikoei zuzendutako telemetria-zerbitzua: multipatologian espezializatutako software-plataforma". Halaber, kanpoko esperientzia bat ezagutzeko aukera izango da, "Etxeko telemedikuntzaren ezartzea: mundu zabaleko esperientziak" hitzaldiarekin.

HERIOTZA

Hirugarren mahai ingurua heriotzaren inguruan izango da. Horretarako, aurten estreinatutako "Aulki hutsak" dokumentala ikusiko da eta ondoren bi hitzaldi izango dira: "Bizitzako azken bidaia, etxean" eta "Nola hil nahi duzu? Hiltzen ikastea".

Azkenik, osasun arloko langileen hezkuntzari buruz ondorengo hitzaldiak izango dira laugarren mahai inguruan: "Osasun arretari lotutako infekzioak: zainketa epidemiologikoa, prebentzioa eta kontrola", "Pazientearen segurtasuna" eta "Osasun hezitzaileen trebakuntza".

Halaber, biltzarrerako antolatu diren bi tailerren bidez, batetik, motibazio elkarrizketarako gakoak eskainiko dira eta, bestetik, diabetesaren konplikazioen prebentzioa landuko da. Azkenik, larunbatean, 13:15ean, Xabier Zupiriak umore ukituarekin agurtuko du biltzarra.