BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
Sopelako Udalak surfari lotutako turismoari buruzko 'Surf Bussines Meeting' jardunaldia antolatu du, administrazio publikoak eta enpresa pribatuek lan tresna amankomunak izan ditzaten, surfaren industriako profesionalen eskarmentua ezagututa.
Sopelako Udalak jakinarazi duenez, jardunaldi hau irailaren 23an egingo da, Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, eta Kantauri itsasoko eta ardatz Atlantikoko hainbat adituren bisita jasoko du.
Halaber, Sopela edo Zarautz bezalako herriek udan surfean aritzeko asmoz jasotzen duten bisitari-kopuru handia ikusita, administrazio publikoak lehiakortasun egitasmoak finkatzeko oinarriak jartzen ari dira, azken batean kirol honi lotutako eskaintza turistikoa hobetu eta arrazionalizatzeko.
Ericeira, Viana do Castelo, Ferrolterra, Salinas, Ribamontan al Mar, Sopela, Zarautz, Biarritz edo Hossegor bezalako herrietan abian jarri diren ekimenak ezagutzeko aukera emango du. Izan ere, kostako gune hauetako adituek beren esperientziak erakutsiko dituzte eta alorrak dituen erronka nagusien gaineko hausnarketak eskainiko dituzte.
Bestalde, surfak sortzen duen turismoa 'booma' izaten ari da Kantauri kostaldeko hainbat herritan, hainbat azterketek agerian uzten dutenez,urtean 30.000 lagun inguru etortzen dira Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldera surf egiteko asmoarekin, eta beste 45.000 turista inguruk bisitaldia kirol honetan aritzeko aprobetxatzen dute, hasiberriak izan zein eskarmentua izan.
Horrez gain, alorrak hazteko aukera handiak ditu, aintzat izanik mundu osoan 12.000 milioi euro mugitzen dituela industria honek, 120 milioi jarraitzaile dituela eta zuzenean 35 milioi lagunek praktikatzen dutela.
Ekintzaren antolatzaileen ustetan aukera ona izango da abian jarri diren ekimen berritzaile eta arrakastatsuenak, bai eta surfaren turismoak dituen joera berrienak eta nazioarteko bilakaera ezagutarazteko ere. Gainera, alorreko profesional berrien prestakuntza hobetzeko aukera ere izan liteke, jasangarritasuna, teknologia, enpatiaeta produktu eta zerbitzuen berrikuntza bezalako esparruetan.