Tabakalerak 40 liburu "askatuz" ospatuko du Liburuaren Nazioarteko Eguna

Bookcrossing ekimena Tabakaleran
Foto: TABAKALERA
Actualizado: martes, 21 abril 2015 14:41

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Tabakalera zentroak bat egingo du datorren ostegunean ospatzeko den Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, eta "40 bat liburu berezi eta bakan askatuko ditu", bookcrossing delako ekimenaren bitartez.

   Zentro donostiarrak gogorarazi duenez, urtero, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu ohi da eta erakunde askok jarduera eta ekimen anitz proposatzen dituzte. Horien artean, 2009tik, Gasteizko Artiumeko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak bultzatuta, estatuko eta nazioarteko arte zentro eta museoek bookcrossing bateratua egiten dute.

   Ekimenaren helburua irakurketa eta kultura garaikidea sustatu eta zabaltzen laguntzea da, eta mundu mailan liburuak "askatu" eta eskuz esku zirkulazioan jartzeko ekintza da. Norbanakoek zein erakundeek liburuak leku publikoetan utzi ditzakete, nahi duenak hartu, irakurri eta erabili ondoren, berriz ere leku publiko batean askatu eta beste norbaitek liburu hori gozatu dezan.

   Aurten, Tabakalera modu berezian egingo du bat Liburuaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin, eta ostegunean, hilaren 23an, "40 bat liburu berezi eta bakan askatuko ditu". Liburu horiek, pasa den Pazko Astean Tabakalerak antolatutako "Artista liburuak. Esku hartutako liburuak. Hastapen lantegiak" ekimenean egin ziren, Maialen Arocena eta Luis Barriosen gidaritzapean. Aste osoan zehar 20 bat lagun aritu ziren
euren sorkuntza lanak diseinatu eta egiten Tabakalerako Sukaldean egin lantegi honetan.

   Bertan, partaideek, 40 liburu "berezi" baino gehiago sortu zituzten. Liburuak "bakanak" dira, banaka eskuz sortutakoak eta kopiarik ez dutenak, eta ostegunean "askatuko" dira Donostian (Bretxa eta San Martin merkatuetan, Kontxa pasealekua, autobus eta tren geltokian eta abar) eta inguruko zenbait hiri eta herrietan, hala nola Eibar, Durango, Goizueta, Hernani, Hondarribia, Lasarte, Tolosa eta Gasteizen.

GONBITEA

   Tabakalerak liburu horiek topatzen dituzten pertsonak ekimenean modu aktiboan parte hartzera gonbidatu ditu, aurkitutako liburua ikusi eta, kasu batzuetan, eraldatu edo osatu ostean, berriz ere beste leku publiko batean aska ditzaten, liburua etengabeko zirkulazioan egon dadin.

   Aurten, 54 museo eta kultur zentrok parte hartuko dute bookcrossing ekimenean, eta, guztien artean, 2.000 ale askatuko dituzte. Askatutako liburuak bookcrosing-aren irudiarekin akreditatuak egongo dira eta hartzaileek kanpaina honetan parte hartzeko beharrezko dituzten argibideak jasoko dituzte pegatina batean.

   Era berean, liburuok www.bookcrossing-spain.com web orrian erregistratuak egongo dira; horrela, irakurleek liburuak non askatzen dituzten azaldu ahal izango dute, eta ondorioz, liburu hauen ibilbidea ezagutzeko aukera izango da orrialde berean.