Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako kudeaketa eta garapen iraunkorra babesteko hitzarmena luzatu da

Actualizado: martes, 20 diciembre 2011 19:00

GASTEIZ 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Espainiako Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gautegiz-Arteagako, Kortezubiko, Sukarrietako, Ibarrangeluko eta Gernika-Lumoko udalen arteko lankidetza-hitzarmena luzatzea Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako kudeaketa eta garapen iraunkorra babesteko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk eginiko proposamena bideratu du horrela Gobernu Kontseiluak, eta horren bidez, 2010ean sinaturiko hitzarmena luzatzeko eskatzen da, finantzaturiko jardun-lerro batzuk aurreikusitako epearen barruan bukatuko direla bermatzea ezinezkoa denez, jarduerak hasteko beharrezkoak diren baimenak lortzeko atzerapena eta jarduera horien egikaritzapenean atzerapena eragin duten aurkako fenomeno meteorologikoak kontuan izanda.

Erreferentziazko hitzarmenak ezartzen zuen 2012ko martxoaren 31ra arteko indarraldia izango zuela eta bertan bilduriko jarduerak 2011ko abenduaren 31rako bukatuta egon behar zutela, eta dagokien ziurtapena eta azken justifikazioa 2012ko otsailaren 28a baino lehen igorri behar zela, Jarraipen Batzordeak 2012ko martxoaren 31 baino lehen azter ditzan. Dena den, eta Eusko Jaurlaritzak onarturiko luzapen honi esker, 2012ko apirilaren 30era aldatuko dira amaitzeko, ziurtatzeko eta azken justifikazioa emateko epe horiek.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako kudeaketa eta garapen iraunkorra babesteko hitzarmenak bost jarduera aurreikusten ditu guztira, eta horietako bi eginda daude jada, hain zuzen ere Kortezubiko eta Gautegiz-Arteagako herrietako auzo batzuk lotzen dituzten bidezidor batzuk egitea biltzen zituztenak.

Beste proiektuetako bik Ibarrangelua-Laga eta Kanala-Laida (Sukarrieta) errepideen arteko oinezkoentzako bidezidorrak egitea jasotzen dute, eta, azkenik, azken jarduerak hezegune bat berreskuratuko du ingurumenari dagokionez Gerkina-Lumoko kirol-ekipamenduaren alboan (errugbi-zelaiak, frontoiak...). Zona garbitzea, marea-fluxua berreskuratzeko esklusak ezabatzea, natura-habitata bultzatzea eta ertzean bide bat egitea daude aurreikusita.