Urruzunotarrak Gehituz literatur ekimenaren 20 irabazleek sariak jaso dituzte

Aurtengo irabazleak
IREKIA
Actualizado: lunes, 4 septiembre 2017 17:29

GASTEIZ, 4 EUROPA PRESS)

Aurtengo Urruzunotarrak Gehituz literatur ekimenaren irabazle izan diren 20 neska-mutilek sariak jaso dituzte astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bost eguneko egonaldia egingo dute orain gazteok Elgoibarko Aubixa baserrian, astelehenetik ostiralera, eta euren sormena lantzeko literatur tailerrak izango dituzte, bai eta eskolara itzuli aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukera ere.

Sari banaketa ekitaldian izan dira Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria eta Gari Berasaluze idazlea, aurtengo edizioko epaimahaikide eta liburuaren hitzaurrearen egilea. 32. ediziora iritsi da aurten Eusko Jaurlaritzak gazteen literatur zaletasuna bultzatzeko antolatzen duen lehiaketa.

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatur lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz ekimena. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartzeko. "Ez da asmo hutsa izan ordea, azken hamarkadetako praktikak ondo frogatu duen errealitatea baizik: Urruzuno saria irabazi izan duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle, kazetari nahiz bertsolari ezagunenen artean daude", adierazi dute ekitaldian.

Urruzunotarrak Gehituz literatur ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du, DBHko ikasleentzat. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian daude Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteak, eta B kategorian, berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnak.

Parte hartzeari dagokionez, 103 lan aurkeztu dira aurten: 67 lan A mailan (prosan 54 eta poesian 13) eta 36 B mailan (prosan 28 eta poesian 8). Urruzunotarrak Gehituz ekimenaren epaimahaia, berriz, aurten ere literaturan jantziak diren aditu eta idazleek osatu dute: Leire Bilbao, Goiatz Labandibar, Gari Berasaluze, Peru Iparragirre eta Jasone Osorok.

2017ko edizioan sarituak izan diren lan guztiekin liburu bat argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.