VAR sistema erabiliko dute ostegunean Amorebieta-Athletic lagunartekoan

Epaile bat VAR kontsultatzen Munduko Txapelketan
REUTERS / MICHAEL DALDER
Actualizado: martes, 17 julio 2018 16:52

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Amorebieta eta Athletic Club taldeek lagunarteko partida jokatuko dute ostegunean, uztailaren 19an, Urritxe futbol zelaian, Zornotzan (Bizkaia), eta Euskal Herrian lehen aldiz erabiliko da VAR sistema teknologiko berria (bideo epaile laguntzailea). Bukatu berri den Errusiako Munduko Txapelketa protagonismoa berezia izan du sistema berriak, eta aurrerantzean lehiaketa ofizial guztietan erabiliko da.

Bi talde bizkaitarren arteko lagunarteko neurketa arratsaldeko 18.00etan hasiko da, Urritxe futbol zelaian, ETB 1ek zuzenean emango du, eta Eduardo Berizzoren lehenbiziko partida izango da talde zurigorriaren entrenatzaile bezala.

Amorebietak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Espainiako Futbol Federazioak joan den astean iragarri zien Amorebietako arduradunei Athleticen aurkako partida aprobetxatu nahi zuela VAR teknologia berria probatzeko, abuztu bukaeran hasiko den Ligan ezarriko delako.

Ordutik, Mediapro eta Euskal Telebista elkarlanean aritu dira VAR martxan jartzeko beharrezkoa den sistema teknikoa diseinatzen. Horrela, mota honetako partidetan erabili ohi dituen bi kamera jarriko ditu ETBek, eta Mediaprok bigarren unitate mugikorra gaituko du eta laugarren epailea egoten den inguruan monitoreak jarriko ditu.

Modu honetan, Amorebietaren eta Athleticen arteko partidan Munduko Txapelketan erabili diren arau berdinak erabiliko dira. Epailea Lehen Mailakoa izango da, eta partida geldiaraziko du araudi berriak ezartzen dituen egoeratan, zalantza duenean edo monitoreetan irudiak begiratzen dituen epaile taldeak eskatzen dionean, irudiak ikusi ahal izateko.

Partida Zornotzako Karmen jaien egitarauren barruan dago, eta ohorezko sakea Eneko Atxa sukaldari zornotzarrak egingo du. Sarrerak salgai daude, 10 euroan bazkideentzat eta 20 ez direnentzat. Zortzi urtetik beherako umeek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.