Zinema eta zientziari buruzko zikloa antolatu dute Donostian eta Bilbon

Zikloa aukezteko agerraldia
DIPC
Actualizado: martes, 9 enero 2018 14:09

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak eta Bilboko Azkuna Zentroak zinema eta zientziari buruzko "Hor kanpoan / Ahí fuera / Out there" izeneko zikloa antolatu dute urtarriletik martxora bitartean. Ikerketa eta abentura espazialaren gaineko filmen zikloa da, baita zinemak bizi estralurtarrarekiko topaketen gainean irudikatu dituen hainbat tokiri buruzkoa ere.

Donostiako emanaldiak Tabakaleran izango dira, ostegun guztietan, aste honetan hasita (urtarrilaren 11n), eta Bilbokoak, Azkuna Zentroan, otsailetik aurrera, zikloaren arduradunek Donostian eskainitako agerraldian azaldu dutenez.

Aukeratu diren hamar filmak 1950eko hamarkadako film klasiko batzuk eta klasiko moderno batzuk dira, baita zientzia fikziozko zinemaren film berri batzuk ere. XX. mendearen erdialdeko Hollywoodeko zinemara bizi estralurtarra iritsi edo bertan aurkitu izana, ikuspegi desberdinetatik eta, batzuetan, kontrakoetatik jorratu da programatutako filmetan.

Horrela, ikusgai izango dira "The Day the Earth Stood Still" filmaren parabola bakezale eta antinuklearra (Robert Wise, 1951); "The War of the Worlds" (Byron Haskins, 1953) bezalako kasuen harira Susan Sontagek aipatutako "imagination of disaster"; Shakespearengan jatorri literarioa daukan inkontziente freudianoan murgiltzea, "Forbidden Planet" filmari esker (Fred McLeod Wilcox, 1956); edota "Invasion of the Body Snatchers" filmaren (Don Siegel, 1956) metafora antikomunista.

Bi hamarkada baino gehiago geroago, zinema estudio nagusiek efektu berezietan lortutako aurrerapenei esker, film bikainak egin ziren, hala nola, Alien (Ridley Scott, 1979) eta E.T. (Steven Spielberg, 1982), "giro estugarriko deabruzko estralurtarra" eta "Disney kutsuko ipuineko estralurtar laguna" agertu zituztenak, hurrenez hurren.

Halaber, XXI. mendean, AEBetako zinemak aurrerapen teknologiko etengabea abentura espazialetan irudikatu zuen, esaterako, "Gravity" (Alfonso Cuarón, 2013) filmean. Gainera, goi mailako galdera zientifikoak eguneratu zituen, hain zuzen ere, zulo beltzei eta denboran zeharreko bidaiei buruz "Interstellar" filmean (Christopher Nolan, 2014), Martera misio tripulatuak bidaiatzeko gero eta hurbilagoa den aukeraren gainean "The Martian" filmean (Ridley Scott, 2015), edo estralurtarrekiko topaketa hipotetiko baten aurrean horiek inkomunikatzeko metodoen gainean ere, "Arrival" filmean (Denis Villeneuve, 2016).

ZIENTZALARIEKIN BATERA

Azken finean, arduradunek adierazi dutenez, zikloak proposatzen du pantaila handian eta jatorrizko bertsioan zientzia fikziozko zinemaren historian nahitaezkoak diren filmen zikloa zientzialari entzutetsuekin batera ezagutu edo berriz bisitatzeko aukera. Izan ere, zientzialariek azalduko dituzte esperientzia horretaz ahalik eta gehien gozatzeko gako zientifikoak.

Zikloa ostegunean hasiko da, urtarrilaren 11n, Tabakaleran, "Interstellar" filmarekin. Pedro Miguel Etxenike fisikariak interpretatuko ditu filmaren gakoak, fisikaren legeen arabera. Hurrengo emanaldietan, izen handiko zientzialariak izango dira, hala nola Juan Ignacio Cirac, Rafael Yuste eta Agustín Sánchez-Lavega, besteak beste.

Programazioaren barruan goizeko emanaldiak ere antolatu dira, Donostiako eta Bilboko DBHko ikastetxeei zuzenduta: "The Martian" filma emango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Planetarioen taldeko zientzialari batzuek parte hartuko dute. Halaber, Kanariar Uharteetako Astrofisika Institutuko zuzendari Rafael Rebolok hitzaldi berezia emango du gaur egun unibertsoaz dugun ikuskeraz. Jende guztiarentzat izango da, otsailaren 22an, 19:00etan, Donostiako Tabakalerako Z Aretoan.