EUSKADI.-Leioako Umore Azokak 45 konpainia boilduko ditu maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean

Actualizado: jueves, 12 abril 2007 18:21

BILBO, 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Leioako plazak eta kaleak antzerkiaren adierazpen guztiekin beteko dira maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean, txotxongiloak, zirkua, kalejirak, umorea, musika eta malabareak izango baitira Umore Azokan. Aurtengo edizioan nazioarteko 14 konpainia, Estatu espainiarreko beste 15 eta 16 euskal konpainia. Gainera, lau euskal talde argentinar eta uruguaiar artisten lankidetzarekin arituko dira. Guztira 45 taldek aurkeztuko dituzte euren azken lanak, jasotako 300 proposamenetatik aukeratuak.

2007ko Umore Azokara hurbiltzen direnek estreinaldi ugari ikusi ahal izango dute eta jada Leioako ferian proposamen finkoak diren "El Espacio de Ilusión" eta "Las Artes del Cielo" guneak bueltatuko dira. Aurkeztuko diren proposamenen artean bost euskal estreinaldi izango dira: Latirili Teatro, Deabru Beltzak, Organik eta El Destilador De Ideas & Lesnadies eta La Pez leioarra.

Estatu espainiarretik zortzi estreinaldi iritsiko dira: Musical Sport, Riki López, Belladona Teatro, Producciones Cachivache eta Nora, La Calabaza, Vagalume Teatro, Suroeste Teatro eta La Ruta. Azken hauek, Teatro Corsariorekin batera Kultur Leioako antzokia erabiliko dute, aretoko ikuskizunak diren heinean.

Malabarak, magia, sua eta umoreari eskainitako esparruan, "Espacio de Ilusión" deitutakoan, nazioarteko hamar konpainia eta bederatzi estreinaldi ikusiko dira. Halaber, Kataluniatik heldutako zenbait konpainia asteburu osoan zehar arituko dira zirku diziplina ezberdinak erakusten, "Las Artes Del Cielo" gunean.

Umore Azoka Leioako Udalak antolatzen du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzarekin batera. Lau egunez, Leioak aukera paregabea eskaintzen du publikoak, konpainiak, banatzaileak, programatzaileak eta prentsa antzerki hutsarekin batera bizitzeko.

Halaber, harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera ere ematen du, antzerkia eguneko 24 orduetan bizi ahal izateko foroa bihurtzen baita herri bizkaitarra.

Kaleko antzerkia ardatz dela, Leioako Umore Azokak, urterik urte, Euskal Herriko, Estatuko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak eduki ditu, obra ugari estreinatu ditu eta, aldi berean, artista berriei euren lanak erakusteko aukera eman die; horri guztiari esker finkatu egin da azoka gisa. Umore Azokak fresko irauten du, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker, antolatzaileek adierazi dutenez.