2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak ireki ditu ateak, Tabakaleran

2Deo Euskarazko Ikus-Entzunezkoen Laborategiak Ireki Ditu Ateak, Tabakaleran
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 31 mayo 2019 14:19

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

2deo Donostiako Tabakalera zentroan dagoen euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak ostiral honetan ireki ditu ateak. Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiaren esanetan, "sekulako garrantzia du proiektuak, euskara nerabe eta gazteen aisialdira gerturatzen laguntzea duelako helburu"

Laborategiaren aurkezpena eta ate irekiera ekitaldia goizean egin da, laborategian bertan. Olanorekin batera, ekitaldian parte hartu dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Iban Arantzabal 2deo martxan jartzeko prozesuaren arduradunak.

2deo laborategiak 500 metro koadro inguruko instalazioak ditu, elkarrekintza sustatuko duten espazio irekiekin, materiala ikusi eta editatzeko eremuekin eta laborategiko langileen lan eremuekin. Espazio horiek guztiak "era dinamiko eta eskalagarrian" banatu dira, unean uneko beharretara egokitu ahal izateko.

Gipuzkoako Aldundiak abiaturiko Etorkizuna Eraikiz ekimeneko sei erreferentziazko zentroetako bat da 2deo, Ziur zibersegurtasun zentroarekin, Mubil elektromugikortasun zentroarekin, Adinberri osasuntsu zahartzeko estrategiarekin, LABe gastronomia digitalaren laborategiarekin eta Naturklima klima aldaketari aurre egiteko zentroarekin batera.

2deo martxan jarriz, Etorkizuna Eraikiz-en kudeaketa eredua euskarazko ikus-entzunezkoen arlora eraman dela esan du Olanok, hau da, "elkarlanean eta era irekian lan egiteko modua". Horrela, proiektuaren abiapuntuetako bat izan da sektorearen etorkizunari buruz sektorean bertan egindako hausnarketa prozesua, eta bestea, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) nerabeen ikus-entzunezko edukien kontsumo eta sorkuntza ohiturei buruz egindako ikerketa.

"Hainbat datu kezkagarri aurkitu genituen. Esaterako, ikusten dituzten eduki guztietatik, hamarretik zazpi gaztelaniaz dira, bi euskaraz eta bat ingelesez, eta erdiek diote ez dutela inoiz ETB 1 ikusten. Gainera, arrakala eta ezberdintasun handiak daude eskualde eta herrien artean", azaldu du Olanok.

Gainera, ohartarazi duenez, "pantaila eta ikus-entzunezko edukiak oinarrizko bilakatu diren paradigma honetan, oraingo haur eta gazteen ikus-entzunezko erreferente eta erreferentziak ez badira euskarazkoak, zaila izango da euskarentzako etorkizunik egotea".

Alde positiboari begiratuta, Gipuzkoarentzako "aukera" ere badela gaineratu du: "Izan ere, lurraldean daukagun sektoreak sekulako potentziala dauka eta, zinean, esaterako, sarritan erakutsi du nazioarte mailan eragina duten produktuak ekoizteko gai dela".

"Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dagoela esan ohi da, eta ekimen honekin anbizioz egin nahi dugu aurrera: Gipuzkoak euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren arloan aitzindari izateko bokazioa eta baldintzak ditu, eta hori lortzeko sektorea eta eragile ezberdinak aktibatu nahi ditu 2deok", azpimarratu du Olanok.

PROIEKTU ESTRATEGIKOAK

Bestalde, Arantzabalek nabarmendu du euskarazko edukien kontsumoan eraldatzaile izango diren proiektu estrategikoak sustatuko dituztela 2deotik. Horretarako, laborategira heltzen diren proiektuen ahulgune eta indarguneak antzeman eta horietan eragingo dute. Gainera, adierazi du nazioartean mugitzen den behatzaile talde bat ere sortuko duela 2deok: "Euskal Herrira zein proiektu ekar daitekeen proposatuko dute, eta gero, gure errealitatera egokitu".

Azkenik, Ormazabalek esan du 2deo "kontextu egokienean" abiatu dela: "Tabakalerak anbizio eta ilusio handiarekin heldu dio Foru Aldundiak gure esku ipini duen proiektu honi, eta unerik egokienean, gainera, hain justu Tabakalera sormen eta industriei begira lanean jarri berri dugunean".

Elkarlanaren adibide eta laborategiaren irekierarekin batera, "Leiho digitala" erakusketa ere zabaldu da. Ikus-entzunezkoen alorrean teknologia berriak eta digitalizazioa erabiliz, hain zuzen ere, bereizmen super altuko irudien bitartez, margolanak gertutik ezagutzeko aukera emango du erakusketak. Gainera, 2deo eskaintzen ari den programazioaren baitan, lau eguneko workshop saioa antolatuko da datozen asteotan.