59. Durangoko Azokak 933 nobedade eta 200 bat ekitaldi izango ditu

59. Durangoko Azokaren Egitaraua Aurkeztu Dute
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: miércoles, 20 noviembre 2024 13:52

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokaren 59. edizioak 153 parte hartzaileren 274 erakusmahai izango ditu Landako Gunean abenduaren 5etik 8ra, eta 933 kultur nobedade aurkeztuko dira haietan. Gainera, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira.

Hala jakinarazi dute asteazken honetan Durangoko (Bizkaia) San Agustin kulturgunean 59. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan. Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista) izan dira agerraldian, eta egitarauak gunez gune izango dituen xehetasunak azaldu dituzte.

Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak. "Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako", adierazi du.

Bada, abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka, 'Hartzea ematea da' lelopean. Landako Gunean 274 erakusmahai jarriko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko. Denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira.

Lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira, eta egitarau osoa www.durangokoazoka.eus webguneean kontsultatu ahalko dute zaleek. Edonola ere, zenbait xehetasun eman dituzte aurkezpen agerraldian.

GUNEAK

Horrela, Talaia gunean Euskaraldiaren kantua emango da ezagutzera, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da, eta EITBrekin lankidetzan sortu den 'BaDAbil' bideopodcastaren azken saioa azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.

Museoan Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, eta azaroaren 28an izango da inaugurazioa. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira, eta Basterretxeari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du Museoan.

Ahotsenean 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira, eta "belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute". Plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera ariko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean egongo da, parkeko eremuan, eta Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.

Irudienea euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira, esaterako, 'Irabazi arte' telesailaren estreinaldia. Hainbat zinemagile gazteren lanak ere ikusi ahalko dira, besteak beste, Ane Berriotxoaren 'Nire amaren etxea' eta Jone Arriolaren 'Hor konpon'. 'ITOIZ, udako sesioak' dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.

Kabia gunean euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutzeko aukera izango, horien artean hitanoa erabiltzeko 'AppaHi!' aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira; Elhuyarrek, adibidez, adimen artifizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.

Saguganbaran haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira, hala nola aurkezpenak, irakurketak eta tailerrak. Berrikuntza bezala, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an, Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.

Szenatokia arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak obra laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla, besteak beste, Las Paralelas konpainiaren 'Odola' izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren 'Ontziratuak' izeneko lana. Karrika antzerki talde durangarrak ere obra berria aurkeztuko du.

IKASLE GOIZA ETA GAZTE EZTANDA

Durangoko Azokak Ikasle Goizarekin ekingo dio 59. edizioari abenduaren 5ean, eta haiei eskainitako tailerrak egongo dira gunez gune. Edonola ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat.

Abenduaren 6an Gazte Eztanda ospatuko da. Egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten, eta gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeekin. Egun osoko jaialdira joateko autobusak antolatuko dira Gasteiztik eta Iruñetik.

Bestalde, Durangoko Azoka iragartzeko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu dute, eta, beraiek proposatuta, abenduaren 6an azokan egongo dira, kartelak bisitariei banatzen eta sinatzen.

Halaber, abenduaren 6an bertan, Marramiau sorkuntza kolektiboak 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' telesaila estreinatuko du bi emanalditan, Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

Azoka Telebistak 'Hartzea ematea DA' izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da, tokiko telebistetan, azokako webgunean, Youtuben eta ETBn, hain zuzen.

PUNTU MOREAK

Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest egongo da Azoka egunetarako. Horrela, puntu moreak ezarriko dira, eta norbaitek beharra izango balu, bertara jo ahalko luke. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eramango duten antolatzaileak izango dira puntu more horiek.

Era berean, Durangoko Azokaren 60. edizioa ospatuko da datorren urtean, eta, horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko, eta sortzaileekin eta partaideekin ere beteko dituzte galdetegiak beste fase batzuetan.

Azokaren ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren 8an 18:00etan zarratuko da.

Azkenik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete bisitariei, eta autoz joatekotan, abenduaren 6tik 8ra autobus zerbitzua jarriko da Iurretako autobide irteerako aparkalekutik Landakora.

Contador