BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak euskaltzain berria izendatu du ostiral honetan, Iruñeko udaletxean egin den osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Ibon Sarasola emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Alfontso Mujika ingeniari eta hizkuntzalari gipuzkoarrak erdietsi du Euskaltzaindiaren arautegiak eskatzen duen gehiengoa, Euskararen Akademiak jakinarazi duenez.
Uztailaren 23an, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egindako osoko bilkuran, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zue Ibon Sarasola euskaltzain osoa; emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek.
Ondoren, urriaren 29an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Bada, hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Gasteizko osoko bilkuran, Alfontso Mujika Etxeberria, eta ostiral honetako bilkuran hizkuntzalari gipuzkoarraren aldeko hautua egin dute euskaltzainek.
Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Mujikak sarrera hitzaldia paratzeko, eta epe berdina izanen du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Horren buruan, harrera ekitaldia egingo da.
ALFONTSO MUJIKA
Alfontso Mujika Etxeberriak (Donostia, 1959) Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 1982-1987 bitartean, Donostiako AEKn lan egin zuen, irakasle hasieran, eta Donostialdeko eraketa arduradun gisa azken hiru urteetan. 1987-1990 bitartean, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kudeatzailea izan zen.
1990az geroztik, Elhuyarren dihardu hizkuntza teknikari: Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoaren erredaktorea izan zen eta Klaudio Harluxet Fundazioak argitaratutako 'Euskal Hiztegi Entziklopedikoa 8' liburukiko entziklopediaren erredakzio burua ere bai (1995); ETBko 'Teknopolis' zientzia dibulgazioko programaren erredaktorea (1999-2001) eta zuzendaria (2000-2002) izan da.
Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik eta Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingeniaritza Goi Eskolako irakaslea 2017az geroztik.
2002tik, Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordeko kidea da, eta 2007tik batzorde horretako idazkaria. 2006ko maiatzaren 26an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta Onomastika batzordeko kidea da 2016tik, eta 2017tik idazkaria.
2016tik, 'Euskara Batuaren Eskuliburua' proiektuaren aholkulari eta ohargilea ere bada. Gainera, 2019an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak argitaratutako 'Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak' liburuaren idazle eta prestatzailea izan zen.
94 EUSKALTZAIN OSO 1918TIK
24 euskaltzain osoz, euskaltzain emerituz, euskaltzain urgazlez eta ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia, eta 94 euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Euskararen Akademiak izendatu dituenak.
Gaur egun euskaltzain oso dira Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide.
Euskaltzain emerituak, aldiz, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola dira.