Allande Socarros zena omentzeko liburua aurkeztu dute Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak

Archivo - 'Allande Socarros (1957-2021). Euskal Idazlan Eta Lekukotasun' Liburuaren Aurkezpena.
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Publicado: miércoles, 14 septiembre 2022 17:03

BILBO, 14 Sep. (EUROPA PRESS) -

Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak Allande Socarros euskaltzain urgazle zenduaren omenezko 'Allande Socarros (1957-2021). Euskal idazlan eta lekukotasun' liburua aurkeztu dute asteazken honetan Maule-Lextarren (Zuberoa). 2021eko abenduaren 9an zendu zen Allande Socarros xiberotar euskaltzain urgazle ohoratu nahi izan dute liburuaren bidez.

Liburua bi zati nagusitan antolatu da: alde batetik, Allandek 40 bat urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako zenbait idatz-zati hautatu biltzen ditu eta, bestetik, Allande ondo ezagutu zuten 12 pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu.

Battitu Coyos Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkariak liburuaren aurkezpenean adierazi duenez, "behin elkarrizketa batean esan zuen honek Allande ondo laburbiltzen du: Militantziak bizitza hartu dit".

Bestetik, Sü Azia elkarteko Jean Michel Bedaxagarrek esan duenez, "lagun mina eta langile handia galdu dugu. Allande omendu nahi izan dugu liburu honekin, bide batez Xiberuaz eta euskaraz jakintsu baten lanaren aztarna utzi ondoko belaunaldientzat".

Allande Socarros Etxebarren (Zuberoa) sortu zen 1957ko uztailaren 12an, eta Maulen (Zuberoa) hil, 2021eko abenduaren 9an. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2018ko uztailaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin zuen: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021).

Lanbidez argazkilari izanik, laster kazetaritzara joan zen. Aldizkari anitzetan idatzi zuen, nahiz euskara batuaz, nahiz zubereraz, hala nola Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian eta, nagusiki, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008).

1980ko hamarkadatik goiti militante abertzalea izan zen eta bizi osoan militatzen egon. Kazetaritzaz gain, lan anitz eraman zituen sare sozialetan, itzulpengintzan, elkarteetan. Liburu zenbait argitaratu zituen eta zuberera zorrozki landu zuen, euskara batuarekiko zubia eginez.