Amurrion jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa, larunbatean

Amurrioko saioan arituko diren bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: miércoles, 16 noviembre 2022 18:32

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Amurrioko (Araba) Bañueta kiroldegian izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa, larunbatean, azaroaren 19an, eta Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Iguaran Barandiaran eta Onintza Enbeita Maguregi igoko dira oholtzara. Gai emaile lanetan Beñat Vidal Gurrutxaga arituko da.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, saio 17:00etan hasiko da, eta sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Amurrion bertan 15:00etan irekiko da leihatila, eta kiroldegiko ateak, berriz, 15:45ean.

Fase honetan ere, egin beharreko lanak aldatuko zaizkie bertsolariei: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; ganberako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian), eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Fasea aldatu denez, epaile lanetan arituko direnak ere ezberdinak izango dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga arituko dira.

Amurrioko saioaren ostean beste bi finalaurreko geratuko dira: Baionan jokatuko da bat azaroaren 26an eta Bilbon bestea abenduaren 3an. Lehen itzulian lortutako puntuak eta bigarren itzulian lortutakoak metatu egingo dira finalerako sailkapenerako. Horrela, bi itzulitan puntu gehien biltzen dituzten zazpi bertsolariek kantatuko dute abenduaren 18an jokatuko den finalean Maialen Lujanbio txapeldunarekin batera.

Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta 'Hitzetik Hortzera' telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Azkenik, berrikuntza gisa, larunbatean bertan ETB1ek bigarren itzuliko finalaurrekoak eskainiko ditu gauean. Azaroaren 19an 23:00etatik aurrera izango da emankizuna; azaroaren 26an eta abenduaren 3an, berriz, 21:00etatik aurrera.