Angeles Cruz zinemagileak jasoko du Zinegoak 2023 ohorezko saria

Archivo - Angeles Cruz
ZINEGOAK - Archivo
Actualizado: martes, 6 junio 2023 13:07

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Zinegoak Bilboko 20. LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktoreari emango dio aurtengo ohorezko saria, aurten DAMA egile eskubideen kudeaketarako erakundeak babestuko duena. Cruz Oaxaka eta Mexikoko zinemagintzaren erreferenteetako bat da, eta 'Nudo Mixteco' bere azken lanak Lesbianismo eta Generoaren saria jaso zuen jaialdiaren iazko edizioan.

Angeles Cruz bera Bilbon izango da saria jasotzeko, ekainaren 26an Arriaga antzokian antolatuko den jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Gainera, bezperan, solasaldi batean parte hartuko du Bilborock aretoan, Irantzu Varela kazetariagaz batera, eta ondoren bere hiru lan ikusteko aukera egongo da bertan. Horrez gain, Zinegoak irauten duen bitartean ziklo berezi bat ikusteko aukera egongo da BilbaoArten.

Alaitz Arenzana jaialdiaren zuzendari artistikoaren hitzetan, Angelesen Cruzen ahotsak "badu zilegitasuna normalean ikusten ez ditugun gaiez jarduteko, eta balio zinematografiko ukaezina dauka, betiere diskurtso konprometituaren zerbitzura". "Hori dela eta, gure sari gorena eman nahi diogu, bere lan artistikoa eskertzeko eta konpromiso soziala aitortzeko", gaineratu du.

Oaxakako zinemagilea oso hunkituta agertu da aitortzarekin: "Besarkada handi hau mundu indigenako komunitateetatik gatozen pertsonengatik ere jasotzen dut. Ur tantak baino ez gara, baina ur emaria osatzen dugu, bidea egiten ari garelako komunitatea eginez".

ANGELES CRUZ

Jaialdiko arduradunentzat, San Miguel el Granden (Oaxaca) jaiotako zinemagilea "bere inguruarekin konprometitutako sortzailea" da. Kostunbrismoa saihesten ahalegintzen da bere lanetan landa eremuko eta komunitate indigenetako errealitateak irudikatzen dituenean, eta "ausardia handiz" atera ditu argitara komunitate indigenetako istorio ezkutuak. Bere lanen bidez, istorio horiei heltzeko eta eraldatzen hasteko elkarrizketa eta borroka esparruak sortzen ditu.

Elkarrizketa berriei bide emateko premiak bultzaturik, emakumeen aurkako indarkeria, haurren abusua, matxismoa, marjinalitatea, pobrezia eta sexu aniztasuna moduko gaiak lantzen ditu Cruzek, besteak beste.

Aktore ibilbideari 1994an ekin zion, Asa Faringer eta Ulf Hultberg zuzendarien 'La hija del puma' filmarekin, eta, handik aurrera, hainbat telesail eta film luzetan parte hartu zuen. 2011n hasi zen bere istorio propioak idazten eta zuzentzen. 'La tiricia o cómo curar la tristeza' (2012) izan zen bere lehen film laburra, eta 2013an Mexiko zinemagintzaren Ariel saria eman zioten horri esker.

'La carta' (2014) eta 'Arcángel' (2018) film laburren ondoren, luze bat egiteko ideia mamurtzen hasi zen: 'Nudo Mixteco' (2021). Bere komunitatean egin zuen, oso-osorik, eta normalean modu irekian azaltzen ez diren gai konplexuez dihardu, hala nola haurren abusua edo komunitate indigenetako harreman lesbikoak; bere bigarren Ariel saria jaso zuen lan horri esker, orduan film luzeen sailean.