BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Neiker-Tecnalia nekazaritza ikerketa eta garapenerako euskal erakundeak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Basque Centre for Climate Change zentroak (BC3) ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia sustatu eta gidatuko dute antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeari eta horrek ingurumenaren eta gizakien osasunerako duen arriskuari buruz.
Hiru erakundeek hitzarmen bat sinatu dute "Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance" (JRL) izeneko egitasmoa bultzatzeko. Egitasmo horrek Euskadin arlo honetan egin den ikerketa integratuko du, eraginkortasuna ziurtatzeko eta emaitzen gehieneko inpaktua bermatzeko. Egitasmoa Euskampus Fundazioaren barruan sortu da, hiru erakundeok jakinarazi dutenez.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriak osasunerako mehatxu nagusietako bat dira gaur egun. Zenbatespenen arabera, 2050erako, urtean hamar milioi pertsona hil litezke antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriek eragindako infekzioen ondorioz. Europar Batasunean, urtean 33.000 pertsona hiltzen dira arrazoi horrengatik.
Ingurumenean gero eta antibiotiko eta degradazio produktu gehiago dago kontzentraturik. Horrek presionatu egiten ditu bakteriak, eta bateriok antibiotikoekiko erresistentzien geneak sortzen eta barreiatzen dituzte. Antibiotikoekiko erresistentzia gene horiek ingurumeneko bakterietatik giza patogenoetara heda daitezke, eta horrek berekin dakar tratamendua zailagoa bihurtzea edo tratamenduak gero eraginkortasun txikiagoa izatea.
AZTERGAIA
Horrela, JRL egitasmoko talde guztien ikerketa jardueren aztergaia honako hau izango da: suspertzen ari diren kutsatzaileak diren aldetik, antibiotikoek, erresistentzia geneek eta elementu genetiko mugikorrek ingurumenean duten presentzia. Aurreikusitako beste jardute eremu bat izango da antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko jardunean inplikatuta egon eta hazten ari diren kutsatzaileen mapen lanketa.
Neiker-Tecnaliak teknika biologikoak garatuko ditu antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko arriskua monitorizatzeko. Gainera, Neikerrek egitasmo honetan egingo dituen jarduketak Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2020 Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira; elikaduraren eta gastronomiaren balio kate seguru, osasungarri, berezi eta iraunkorra garatzea sustatzen da plan horren bitartez (gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen aldetik).
Horretarako aurreikusi da suspertzen ari diren kutsatzaileen inpaktua diagnostikatzeko tresnak garatzea, ingurumen osasuna hobetzeko estrategiak lantzea, ingurumen faktoreei buruzko ikerketa saiakuntzak egitea eta antibiotikoekiko erresistentzien arazoari buruzko dibulgazio, transferentzia eta prestakuntza jarduerak martxan jartzea.
Aurreikusten diren ekintzen artean nabarmentzen dira EHUren masterretan antzeko ikerketa ildoak lehenestea, ikerketa proiektuak gidatzea, doktore tesiak sustatzea, sortutako ezagutza eta teknologia gure inguruko enpresa sarera transferitzeko bideak bilatzea eta ikerketa babestera bideratutako funts publikoen finantzaketa erakartzea, bereziki tokiko laguntza programen bitartez eta Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren deialdien bitartez.