Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek antolatutako udalekuek 4.112 plaza eskainiko dituzte

Juan Jose Rojo, Leixuri Arrizabalaga eta Isaac Palencia
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 17 marzo 2025 13:22

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatutako Udalekuak 2025 programak 4.112 plaza eskainiko ditu 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteentzat, jolas eta hezkuntzako jardueren programen eskaintza zabalarekin.

Hain zuzen ere, Araban 1.628 plaza eskainiko dira (gehi Udaraba programako 632 plaza), Bizkaian 1.514 eta Gipuzkoak 970. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira (biak barne).

Juan Jose Rojo Bazan Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko zuzendari kudeatzaileak, Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Diputazioko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak aurkeztu dute kanpaina astelehen honetgan, Bilbon.

Izena emateko aldiari dagokionez, Araban martxoaren 19tik 28ra izango da, Bizkaian martxoaren 18tik 27ra eta Gipuzkoan martxoaren 18tik 28ra.

Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo da, eta udalekuak lau astetan banatuko dira: uztailaren 1etik 7ra, uztailaren 8tik 14ra, uztailaren 16tik 22ra eta uztailaren 23tik 29ra.

Udalekuak hiru lurraldeotako 15 instalaziotan egingo dira: Barria, Zuhatza eta Espejon Araban; Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Kattalin (Legasa- Nafarroa) aterpetxeetan eta beste instalazio batean Bizkaian; Orio, Zarautz, Hondarribia, Igantzi eta Azkoitian Gipuzkoan.

Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, baina parte hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.

Era askotako jarduerak eskainiko dira, euskara hutsez eta elebitan. Horrela, ingurumenari buruzko jarduerak egingo dira baserri eskoletan, eta kirol eta kultur jarduerak ere izango dira, hala nola bisitak museoetara, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi ibilaldiak, eskalada, rapela, tirolina, arku tiroa, paintballa, orientazio jolasak, arrauna edo herri kirolak, besteak beste. Inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

HELBURUAK

Udalekuen helburu nagusia neska-mutilei elkarbizitzarako jolasgune bat eskaintzea da, autonomia pertsonala sendo dezaten. Filosofia horrekin, 2025eko kanpainaren xedeak dira oporraldietan ondo pasatzea erraztea, autonomia eta bizikidetza sustatzea, aisialdi hezitzailea bultzatzea eta ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea.

Era berean, aisialdiko jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabil dadin bultzatzea, eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea, eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta elkartasuna bultzatzea, eta genero estereotipoak eta rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea bilatzen da.

Premia bereziak dituzten pertsonak aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien %5 gorde dute kolektibo horrentzat. Integrazio prozesua bermatze aldera, aldundiek kolektibo horiei arreta ematen dieten elkarte espezifikoen laguntza izango dute.

Contador