Araba Euskaraz 2019k aste honetan hasiko du bere kultur egitaraua

Armentia ikastolako haurrak
ARABA EUSKARAZ
Actualizado: martes, 27 noviembre 2018 12:53

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Araba Euskaraz 2019k aste honetan ekingo dio bere kultur egitarauari, "Jainkoak ez dit barkatzen" filmaren estreinaldiarekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen "Muxua" ikuskizunarekin. Modu honetan, Gasteizko Armentia ikastolak urrian iragarri zuena betetzen hasi da, alegia, Araba Euskaraz 2019ren helburuetako bat "Araba eta Gasteizen kultur arloan eragiteko kultur agenda iraunkorra" osatzea.

Modu honetan, elkarlana izango da egitarauaren lehen hilabeteotako ekimenen oinarria eta, momentuz, hiru dira abiatutako ekimenak kultur eragile ezberdinekin elkarlanean: "Jainkoak ez dit barkatzen" filmaren estreinaldia asteazkenean, azaroaren 28an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en "Muxua" ikuskizuna larunbatean, abenduaren 1ean, eta Gazte Talent lehiaketa abenduaren 6 eta 7an, Liher Larrea Armentia ikastolako lehendakariak astearte honetan prentsa agerraldian adierazi duenez.

Hain zuzen, asteazkenean, Gauekoak elkarteen federazioak eta Araba Euskaraz 2019k "Jainkoak ez dit barkatzen" filma estreinatuko dute Gasteizko Florida zinema aretoan. Josu Martinezen dokumentalak Lezo Urreiztietaren historia du ardatz. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Halaber, larunbatean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en "Muxua" ikuskizunaren saio bikoitza izango da, Gasteizen lehen aldiz. Buesa Arenan izango dira saioak, eta 4.400 lagunek ikusi ahal izango dituzte. Dagoeneko sarreren %75 saldu da.

Gainera, abenduaren 6an eta 7an, Arabako gazte musikarientzako sortutako Gazte Talent lehiaketaren txanda izango da. Bakarlari eta musika talde gazteen lehiaketa da, eta Jimmy Jazz elkarteak laugarren aldiz antolatu du, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren, Arabako Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskaraz 2019ren laguntzarekin.