Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileekin bildu da Hezkuntza sailburua

Bildarratz Araba Euskaraz festaren antolatzaileekin.
IREKIA
Actualizado: martes, 15 junio 2021 16:17

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die astearte honetan 2021eko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileei, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. 'Zabal bideak' leloarekin, igandean ospatuko da Arabako ikastolen aldeko festa, Laudion, eta Bildarratz irekiera ekitaldian izango da.

Hezkuntza sailburuarekin batera, Liher Larrea Arabako Ikastolen Elkarteko presidentea, Aiara Murga Laudio Ikastolako presidentea, Jon Bengoetxea Laudio Ikastolako zuzendaria eta Joseba Aginagalde Ikastolen jaietako arduraduna izan dira bileran.

2021eko Araba Euskaraz festaren antolatzaileek aurten ekimenak dituen berezitasunak azaldu dizkiote Bildarratzi, pandemia garaira egokitutako eta "bere burua berrasmatu behar izan duen ekitaldia" izango baita aurtengoa.

Ibilbiderik gabe eta kontzertu jendetsurik gabe burutuko da aurtengo Araba Euskaraz, baina izango ditu bi gune handi: 'Euskararen plaza' eta 'Euskararen basoa'. Dena den, horietan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskaraz-en webgunean, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera.

Aurten antolaketak izango dituen berezitasunez gain, orain arte ikasturtean zehar Araba Euskaraz-en egitarauaren barne antolatu diren gainerako jarduera eta ekitaldien berri ere eman diote Hezkuntza sailburuari.