Arabako foru garraioa doakoa izango da igandean, Autorik Gabeko Europako Eguna ospatzeko

Archivo - Alavabus
ARABAKO FORU ALDUNDIA - Archivo
Publicado: viernes, 20 septiembre 2024 17:49

GASTEIZ, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Arabako hiriarteko autobus lineetako eta Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak diruz lagundutako eskualdeko garraio zerbitzuaren lineetako txartelak doakoak izango dira igandean, irailaren 22an, Autorik Gabeko Europako Eguna ospatzeko.

Hain zuzen, Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako kontzesioetan bildutako Alavabusen 1-16 lineetako, Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten 18 eta 19 lineetako eta lurralde historikoko landa herrigune txikiei zerbitzua ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztietrako erabiltzaileak izango dira neurriaren onuraduna. www.araba.eus/alavabus web orrian daude ikusgai emakida horien lineetako ibilbideak, geralekuak eta orduak.

Jon Nogales Arabako Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak azaldu duenez, ekimenaren helburua da "foru garraio publikoaren erabilera sustatzea norberaren autoaren alternatiba gisa, Europan mugikortasunaren alde ezarritako politiken ildotik, bai eta arabarrei zerbitzu hori eta hura osatzen duten lineak ezagutaraztea eta garraio hori ohikotasunez erabiltzen dutenei aintzatespena egitea ere".

"Merezitako aitorpena da, 2024ko urtarriletik abuztura bitartean Alavabus eta eskualdeko garraioaren lineetan erabiltzaile kopuruak izan duen gorakada %14tik gorakoa izan baita. Gero eta arabar gehiagok uzten dute autoa etxean, eta foru garraio publikoan joaten dira beren lantokira edo ikastetxera", nabarmendu du.

Zehazkiago, 1,4 milioi pertsonak baino gehiagok erabili dituzte Alavabusen lineak urteko lehen zortzi hilabeteetan, hau da, 2023ko epealdi berean baino %14,8 gehiago. Eskualdeko garraio lineen kasuan datuak are hobeak dira, %33ko hazkundearekin. Erabileraren igoera bat dator BAT txartel pertsonalizatuan oinarritutako deskontu progresiboko sistema berria aplikatzearekin.

Contador