Argazkia.Eus Euskal Herriko I. Argazki Topaketa egingo da Aretxabaletan urrian

Arkupe Kultur Etxea Aretxabaletan
ARETXABALETAKO UDALA
Actualizado: viernes, 19 julio 2024 14:00

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Aretxabaletako Udalak (Gipuzkoa) Argazkia.Eus Euskal Herriko I. Argazki Topaketa antolatu du urriaren 5erako, argazkiaren aldeko apustua eginez eta tokiko talentuari balioa emanez. Topaketan 300na euroko zortzi sari banatuko dira hautatuak izango diren Aretxabaleta, Gipuzkoa, Araba, Bizkai, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako argazkilarien artean.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek irailaren 8ra arteko epea izango dute lanak aurkezteko, eta horrela, 300 euroko saria jasotzeaz gain, aukera izango dute beren argazkiak jendaurrean aurkezteko Aretxabaletako Arkupe kultur etxean eta urrian egingo den argazki erakusketa kolektiboan parte hartzeko.

Parte hartzaile guztien artean zortzi argazkilari hautatuko dira: bat Euskal Herriko lurralde bakoitzeko eta beste bat Aretxabaletakoa. Zortzi pertsona horiek igoko dira agertokira urriaren 5ean beren argazki proiektuak aurkeztera, eta haien obra egongo da erakusgai urrian Arkupe Kultur Etxeko erakusketa aretoan.

Topaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute irailaren 8a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan).

Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbide elektronikora, irailaren 8ko 23:59 baino lehen. Euskal Herriko I. Argazki Topaketaren irabazleen izenak irailaren 16an iragarriko dira.

Beren proposamena bidaltzearekin, parte hartzaileek konpromisoa hartuko dute urriaren 5ean egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko, bai eta erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere, betiere beren lana hautatuetako bat izan bada.