BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenak antolatutako 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketak "2022ko ekitaldi arrakastatsuan" jasotako lanen kopurua hobetu eta 112 sormen lan berri jaso ditu.
Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek hartu dute parte egitasmoan. Bertan, irudi, soinu edo ikus-entzunezko formatuetan euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea bilatzen da, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek euren sormena lantzea, eta, bestetik, arnasguneetako hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztea.
Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. Horrela, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek beren herriak nolakoak diren azaldu behar izan dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, zergatik diren egokiak euskara maila hobetzeko azalduz, sustapen bideoen bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti). Guztira, 34 lan jaso dira kategoria honetan.
DBHko 1. eta 2. mailetako kategorian, aldiz, 63 lan jaso dira. Ikasleen zeregina izan da beren herrietako esamolde berezienak eta haien esanahia umorezko bideo baten bitartez azaltzea. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa izan da, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi izan duena.
Azkenik, DBH 3 eta 4. mailetako ikasleek bideo bat sortu behar izan dute Nahia Sillero eduki sortzailea eredu izanik, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz. Orotara 15 lan
jaso dira kategoria honetan. Jasotako lan guztiak https://www.arnasagara.eus/jasotako-lanak-2023/ webean ikus daitezke.
'Arnasetik' sormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an egingo da, Zarautzeko Modelo antzokian, 18:00etatik aurrera, eta lehiaketaren erronketako bat jarri duen Nahia Sillero aktore eta eduki sortzailea izango da aurkezlea.
Orotara, 2.000 euro banatuko dira saritan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen produktuetan gastatzeko. Sari banaketaz gain, ezusteko ugari ere izango dira Modelo antzokian, besteak beste, Julen musikariaren emanaldia.