DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uemak 'Arnasa Gara' ekimenaren baitan antolatutako Arnasetik bideo sormen lehiaketaren bigarren edizioak 112 lan jaso ditu guztira, eta sariak asteazkenean banatuko dira, azaroaren 22an, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan egingo den ekitaldian.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urteko gazteek hartu dute parte eta euskarari lotutako gaien inguruko 112 bideo sortu dituzte. Sormen ariketaren bidez, aukera izan dute haien hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta arnasguneek euskararen biziberritze prozesuan daukaten garrantzia balioan jartzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uemak babestuta, 2018an jarri zen martxan 'Arnasa Gara' egitasmoa, eta, besteak beste, helburu du euskararen arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta arnasguneei aitortza egitea euskararen herriari egiten dioten ekarpenagatik.
Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira lehiaketan, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik: adibidez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek beren udalerriak nolakoak diren deskribatu dituzte bideoetan, beti ere udalerriak euskararekiko daukan atxikimendua nabarmenduz. Promozio bideo bitartez edo formatu librean aurkeztu dituzte lanok (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti), eta orotara 34 izan dira.
DBHko 1. eta 2. mailako kategorian, aldiz, ikasleen zeregina bestelakoa izan da: udalerrietako esamolde edo hitz berezienak azaldu behar izan dituzte umorezko bideoen bitartez. Guztira, 63 lan jaso dira, euskalkien aniztasunaren lekuko.
Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek bideo bana sortu behar izan dute, Nahia Sillero eduki sortzaileak grabatutako bideo bat eredu hartuta; haien erronka izan da euren aisialdiko egun oso bat irudikatzea edo programatzea, euskal kultura eta euskal ekimenak ardatz hartuta. Orotara 15 lan jaso dira kategoria honetan. Jasotako lan guztiak https://www.arnasagara.eus/jasotako-lanak-2023/ loturan ikus daitezke.
Arnasetik sormen lehiaketaren sari banaketa asteazkenean egingo da, azaroaren 22an, Zarauzko Modelo aretoan, 18:00etatik aurrera, Nahia Sillero aktore eta eduki sortzailearen gidaritzapean. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen produktuetan gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira, besteak beste, Deñe musikariaren emanaldia.