GASTEIZ, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -
Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak "adiskidez inguratuta" ospatuko du hamabosgarren urteurrena. Cesar San Millan argazkilari gasteiztarra Artiumen Lagunen programari loturiko museoaren ehun bat lagunen argazkiak egiten ari da, eta haien aurpegiek, formatu handian erreproduzituta, museoaren perimetroaren zati handi bat inguratuko dute.
Argazki instalazio hori aurrenekoa izango da Artiumek urtemuga ospatzeko antolatu dituen jardueretan, eta aldi berean, berriz zabalduko dira erakusketa aretoak, zenbait hilabetez zaharberritze sakona egin ondoren, Artiumeko arduradunek jakinarazi dutenez.
Cesar San Millanek Artiumen Ekialdeko Beheko Aretoan ezarri du behin behinekoan argazki estudioa. Hala, egunotan bertatik ari dira pasatzen ehunka pertsona, argazkilari gasteiztarrak "betikotu" ditzan. Stand soil bat besterik ez da, ilunpetan dagoena, objektu bakanez hornitua: aulki bat, atzealde beltza, flashak, erreflektoreak eta argi kutxak, formatu handiko kamera digital bat, aurpegi irribarretsu bat eta artistaren begi trebea eta teknika guztiz landua.
Erretratuetan ageri direnak museoaren lagunak dira denak, "Artium, urtebetetzean, adiskidez inguraturik" proiektuan parte hartu duten lehenengoak. Aingeru Torrontegi Artiumen Adiskideen zerbitzuko arduradunak azaldu duenez, "proposamen hau museo honena bezalako proiektuen 'giza alderdiaz' mintzatzen den proiektu bat da, argi erakusten duena haien atzean hezur-haragizko pertsonak daudela, proiektu horiek bizitzen eta babesten dituztenak".
Proiektuak "museoaren hormak gainditu eta gizartea artean eta kulturan inplikatzera animatzeko bokazioa du, Artium Museoaren lagunek egin duten eta egiten duten bezala". Horretarako, formatu handian erreproduzituko dira museoaren lagunen erretratuak eta museoaren kanpoko perimetroaren zati handi bat inguratuz instalatuko dira, halako eran non erretratatuen begiratuek handik igarotzen direnen eta Museora bisitan doazenen begiratua erakarriko baitute. Apirilaren 1etik uda igaro arte egongo dira ikusgai argazkiak.
CESAR SAN MILLA
Cesar San Millan gasteiztar artista eta argazkilariak arkitekturaren eta erretratuaren generoak lantzen ditu bereziki. Azken kasu horretan, pertsonaren barneko balioa interpretatzen eta haien bizitzaren halako adierazpen bat erakusten saiatzen da bere modeloetan. Bere obra, beste funtsekin batera, Artium Bilduman dago, eta parte hartu izan du arabar museoko hainbat talde erakusketetan ere, esate baterako, "Herri-altxorra" erakusketan. Banakako erakusketak ere egin ditu, besteak beste, Amarica Aretoan eta Montehermoso Kulturunean.
Argazki instalazio hau, bestalde, Artiumek aurtengo apirilerako antolatu duen jarduera programaren abiapuntua izango da, era horretan ospatzeko, alde batetik, 15. urteurrena, eta bestetik, museoaren bi erakusketa areto handien berrirekitzea, Iparra eta Hegoa aretoena, azken hilabetetoan sakonki zaharberritu baitira.
Aurreikusita dauden jarduerei dagokienez, hiru erakusketa handi inauguratuko dira, Liliana Porter eta Juan Perez Agirregoikoarenak, eta Artiumen Bildumaren aurkezpen berria. Horrez gainera, jardueren programa oso zabala izango da, eta era horretan apirilean ia egunero jarduera bat edo bi ospatuko dira bertako instalazioetan: musika, hitzaldiak, lantegiak, familientzako jarduerak edo zinema. Aste Santuan, gainera, familientzako espazio bat prestatu eta egokituko du Artiumek, baita doako bisitaldien programa berezi bat ere.