Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteak herritarrak sentsibilizatzeko ekintza onenak sarituko ditu

Asteklima
IREKIA
Actualizado: lunes, 23 septiembre 2024 13:07

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen aurtengo edizioa urriaren 18tik 27ra izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 'Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia' goiburupean, gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoaren beharraz kontzientziatzea eta mugiaraztea izango du helburu. Edizio honetan berritasunak egongo dira, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduraz jokatzeko ekintza onenak sarituko baitira.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak (Energiaren Euskal Erakundearen bitartez) eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatzen dute Asteklima.

Jakinarazi dutenez, aurreko lau edizioetan bezala, herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari egongo dira, herritarrok ekintzara bultzatzeko, hala nola erakusketak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkia, zinema, haurrentzako jolasak, ipuin kontalariak, bizikleta martxak, hitzaldiak, bisita gidatuak edo jardunaldi teknikoak. Asteklimaren parte izan nahi duten ekintza guztiek urriaren 4ra arte eman dezakete izena www.asteklima.eus webgunean.

Autengo berrikuntza nagusi bezala, Asteklima 2024k Euskadiko erakundeek klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduratzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi du, eta, horretarako, tokiko erakunde publikoek, lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek, irabazi asmorik gabeko erakundeek eta Euskadiko GKEek antolatutako jarduerak sarituko ditu.

SARIAK

Sariak hurrengo kategoria hauetan banatuko dira: EAEko ekimen onena, bat lurralde historiko bakoitzeko; eskualdeko ekimen onena; 20.000 biztanletik gorako udalerrietako ekimen onena; 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako ekimen onena; 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako ekimen onena; ikastetxeetako eta lanbide heziketako ekimen onena; Unibertsitateetako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen ekimen onena; irabazi asmorik gabeko erakundeetako ekimen onena.

EAEko ekimen onena saria, bat lurralde historiko bakoitzeko, 5.000 eurokoa da, eta gainerako kategorietan sari bat eta bi accesit eman ahal izango dira: 3.000 euro hautagaitza irabazlearentzat eta 1.500 euro accesit bakoitzarentzat.

Udal esparruan, udalerriek, udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeek, toki izaera duten udalaz gaindiko erakundeek, tokiko merkataritza sozietateek, garapen agentziek eta tokiko erakunde autonomoek parte hartu ahal izango dute.

Ekintza klimatikoari eta trantsizio energetikoari buruzko proposamenak herritarrei zuzenduta egon beharko dira, doakoak izan eta urriaren 18tik 27ra bitartean egin. Hautagaitza guztiak, euskaraz edo gaztelaniaz, www.asteklima.eus webgunean dagoen formulario digitalaren bidez aurkeztuko dira soilik. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 4ko 14:00etan amaituko da. Sariak azaroan emango dira.

Contador