Asun Garikano euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia egingo du larunbatean Gasteizen

Archivo - Asun Garikano
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: miércoles, 26 junio 2024 13:41

GASTEIZ, 26 (EUROPA PRESS)

Asun Garikano euskaltzain oso berriak 'Noeren ontzia' egitasmoaren nondik norakoak azalduko ditu larunbatean, ekainaren 29an, Gasteizko Goiuri jauregian egingo duen sarrera-hitzaldian, Euskaltzaindiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Akademiak gogorarazi du 2023ko irailaren 29an izendatu zuela euskaltzain oso Asun Garikano hizkuntzalaria. Bada, orain, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzain oso berriari.

Gasteizko Goiuri jauregian izango da, larunbatean, 12:00etan. Musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia irakurriko du, 'Mendi-zelaiak estali baino lehen' izenburukoa.

Hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak aste honetan abian jarriko duen 'Noeren ontzia' egitasmoa izango da; hain zuzen, "euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen" proiektuaz jardungo du.

Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura ondarearen ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, 'Noeren ontzia' proiektua mamitu eta asteon plazaratuko du. Euskal kulturan zehar ibiltzeko tresna digitala da, eta ostegunetik aurrera denon eskura izango da Euskaltzaindiaren webgunean.

Andres Alberdi euskaltzain osoak 'Noeren ontziaren uberaren arrastoan' izenburuko hitzaldiarekin erantzungo dio Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izango ditu hizpide hitzaldiaren lehen partean; bigarrenean, berriz, Garikanok gidatzen duen Euskaltzaindiaren 'Noeren ontzia' proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatuko ditu.

Azkenik, euskaltzain oso berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.

ASUN GARIKANO

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izan zen. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea da: 'Far Westeko Euskal Herria' (Pamiela, 2009) eta 'Kaliforniakoak 1533-1848' (Pamiela, 2013).

Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevenson, William Faulkner, John Steinbeck, Patricia Highsmith eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak itzuli ditu.

Edizio lanaren arduradun izan da 'Garziarena' aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren 'Erlea' aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da.

Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako 'Testu-bankua' proiektua gidatzen du. Batez ere hezkuntza komunitateari zuzendutako egitasmo horrek, euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuez jantziko du hezkuntza curriculuma, gaurko eta lehenagoko testuez, lau esparrutan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

Contador