Asun Garikano hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Asun Garikano
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 29 septiembre 2023 12:26

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Asun Garikano hizkuntzalari tolosarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan egin duen osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Goenaga emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Garikanok erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, uztailean amaitu zen hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek uztailaren 21ean Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen osoko bilkuran, eta ostiral honetako bilkuran Garikano izendatu dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962) Euskal Filologian lizentziatua da. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa da. Ameriketako euskaldunei buruzko bi liburu idatzi ditu: 'Far Westeko Euskal Herria' (Pamiela, 2009) eta 'Kaliforniakoak 1533-1848' (Pamiela, 2013).

Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio lanaren arduradun izan da 'Garziarena' aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren 'Erlea' aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da.

Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako 'Testu-bankua' proiektua gidatzen du. Hezkuntza komunitateari zuzendutako egitasmoak curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

OSAKETA

Gaur egun, 24 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 143 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia, eta 1918tik gaurdaino 99 lagun euskaltzain izendatu ditu Akademiak.

Ana Toledo, Asun Garikano, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Urrutia, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Jean-Baptiste Coyos, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Roberto González de Viñaspre eta Sagrario Aleman dira egungo 24 euskaltzain osoak.

Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Patxi Goenaga, aldiz, euskaltzain emeritu dira.