Atlantikaldia hasiko da ostegunean eta 59 jarduera eta emanaldi eskainiko ditu igandera arte

Iazko edizioko kontzertuetako bat.
ATLANTIKALDIA
Actualizado: miércoles, 13 septiembre 2023 11:40

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdiaren hamargarren edizioko egitarauak musika, dantza, arte, literatura, historia eta gastronomiaren inguruko 59 jarduera eta emanaldi eskainiko ditu ostegunetik igandera, irailaren 14tik 17ra. Aurtengo edizioa 'Bitakora' lelopean egingo da eta ekintza guztiak doakoak izango dira.

"Publiko guztientzako jaialdia" izan nahi du Atlantikaldiak eta ekimenen eskaintza ere horrelakoa izango da, "anitza eta koloretsua", arduradunek aurkezpen agerraldian nabarmendu zutenez.

Bada, "hamar urteotako bidearen ospakizuna" izango da jaialdiaren aurtengo edizioa. "'Bitakora' leloaren bidez, omenaldia egin nahi diogu urteotako lanari, gurean izan diren sortzaileen ekarpenei. Sortzaileek, eragileek eta ikusleek jarriko duten hondar alearekin koaderno horretan orrialde berria idaztea izango dugu aurtengoan ere helburu", azaldu zuten.

Parte hartzaile guztien ekarpen horiek kulturen arteko zubiak eraikitzen dituztela eta elkarbizitzaren aldeko apustua direla ere azpimarratu zuten. Horregatik, antolatzaileen hitzetan, "saiatu gara askotariko ahotsen bozgorailu izaten eta programazioa ere dibertsifikatzen. 59 jarduera eta emanaldi ezberdin izango ditugu orotara".

Ahots horien guztien artean emakumeen lana taularatzeko ahalegin berezia egin dutela nabarmendu zuten, eta, hala, jaialdian parte hartuko duten sortzaileen erdia baino gehiago emakumeak izango direla.

EGITARAUA

Atlantikaldiak lau gune nagusi izango ditu: oholtza nagusia izango den 'Itsasargi Nagusia', emanaldi intimoagoak eskainiko dituen 'Herriko Plaza', 'Kalekaia' artista urbanoentzako espazioa eta 'Herrixka' jarduera parte hartzaileetarako gune eta gastrogunea.

Gainera, Torrekuako ingurua ere eszenatoki natural bilakatuko da aurten, eta dantza izango da protagonista bertan, Kukai Dantza taldearen 'Yarin site specific' eta 'Share' dantza proiektu kolektiboan parte hartzen duten nazioarteko dantzarien saioak emango baitituzte larunbatean.

Musikari dagokionez, estilo, genero eta jatorri anitzeko proposamenak taularatuko dira, besteak beste, Szamana Contraste, Olaia Inziarte, EDE, Yaima Orozco, DJ Rita, Doble & Hugsound, Rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Trouble Woman, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso.

Errenteriako EMKE bandak 'Bi lurralde, hizkuntza bat' emanaldia eskainiko du, eta bertako Herri Arte Eskolak Galesko hiru artistekin egindako hilabeteetako elkartrukearen emaitza ere taularatuko da: 'Galestar konexioa'.

Zerrenda horri 'Itsas Elkarrizketak' gehituko zaizkio aurten ere, eta Fémina eta Bea eta Idoia Asurmendi, Aywa eta Kimu Txalaparta, Nidia Gongora eta Olaia Inziarte, Bia Ferreira eta Iban Nikolai, Rodrigo Cuevas eta Dupla eta Hekthorfolk izango dira protagonistak. Ekimen honen bidez, nazioarteko eta bertako sortzaileak taula gainean elkarrekin ariko dira jaialdiko oholtzetan.

Musika eta dantza emanaldiez gain, literaturak, gastronomiak eta haur nahiz helduentzako ikastaro zein tailerrek osatuko dute lau egunetako egitaraua: paddle surfa, bisita gidatuak, bitakontakizunak, ziklobira, dantza polinesiarrak, afro urban tailerrak eta abar.

BISITA GIDATUAK

Bestalde, Errenteria ezagutu eta modu berezian bizitzeko unea ere bada Atlantikaldia, Maite Gartzia Kultura zinegotziak adierazi duenez, eta hori sustatzeko adibide dira bisita gidatuak. Ostegunetik igandera egingo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, haur eta helduentzat.

Horien bidez ezagutu ahalko dituzte parte hartzaileek, besteak beste, Alde Zaharrean kontserbatu den ondarea, bertan burututako lan eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, Errenteriak 1845-1936 bitartean bizi izan zuen lehen industria aroa, Fanderiako Errota eta ibaiaren interpretazio zentroa zein Errenteriaren sustrai itsastarrak.

Halaber, nazioarteko gastronomiak ere tokia izango du 'Sukaldian' ekimenari esker. Parte hartzaileek herriko elkarte desberdinetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Maroko, Peru, Ukraina, Nikaragua, Nepal, Aljeria eta Ijito Herriko platerak.

Ondoren, Foru plazan kokatutako 'Herrixka' gunean izango da jaki horiez euro baten truke gozatzeko aukera. Bildutako dirua Zaporeak elkarteari eskainiko zaio. Oiartzun ibaiaz gozatzeko paddle surf ikastaroak ere izango dira larunbatean, ordu desberdinetan.