Baionan izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo finalaurrekoa, larunbatean

Baionako saioan abestuko duten bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: miércoles, 23 noviembre 2022 12:49

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliko hurrengo saioa jokatuko da Baionako Laugan larunbatean, azaroaren 26an, eta Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia izango diora taula gainean, Ainhoa Larretxea Agirre gai emailearen gidaritzapean.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Baionan bertan ere izango da sarrerak eskuratzeko modua: Laugan leihatila egongo da eta 15:00etan irekiko da. Aretoko ateak 15:45ean irekiko dira eta saioa 17:00etan hasiko da.

Aurrkeo astean bezala, bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; ganberako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian); gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da sailkapena osatzeko, hau da, bi saioak dira baliagarriak finalera sailkatzeko. Era berean, bigarren itzulian bertso bat gutxiago kantatzen dute bertsolariek.

Epaimahaia osatuko dutenak, fase osoan bezala, Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi izango dira. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsorok eta Joxe Mari Altuna Berridik jardungo dute.

Astero bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Baionako finalaurrekoa Euskal Irratiek ere zuzenean eskainiko dute. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta 'Hitzetik Hortzera' telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ETB1ek eskainiko ditu larunbat gauean, lehen ganberako lanetik aurrera. Baionako eta Bilboko saioen emankizuna saioen egunean bertan 21:00etatik aurrera eskainiko da.