Barakaldoko Udalak doako euskara ikastaroak eskainiko ditu merkatari eta ostalarientzat

Iratxe Foces Barakaldoko Udaleko Euskara zinegotzia.
BARAKALDOKO UDALA
Actualizado: martes, 30 enero 2024 12:48

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Barakaldoko Udalak (Bizkaia) bat egin du euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak sustatutako 'Euskaraz barra-barra' kanpainarekin eta doako euskara ikastaroak eskainiko ditu udal euskaltegian merkatariei eta ostalariei zuzenduta, euskararen ezagutza berritzeko eta arreta euskaraz emateko aukera ematen duten establezimenduen kopurua handitzeko asmoz.

Gainera, hala nahi duten establezimenduak 'Euskeraz barra-barra' bereizgarriaren bidez identifikatuko dira, gune horietan herritarrek euskaraz hitz egin ahal izatea bermatzen dela ezagutaraziz, edozein hizkuntza maila dutela ere.

"Barakaldon merkataritza eta ostalaritza sare sendoa dugu. Horregatik, ekimen honekin bat egin nahi izan dugu eta sektore hauetan lan egiten duten pertsonei euskararen ezagutza indartzen lagundu", adierazi du Iratxe Foces Barakaldoko Udaleko Euskara zinegotziak.

Ekimenaren berri emateko, Barakaldoko Udaleko Euskara Sailak gutun bana bidali du establezimenduetara, izena emateko orria erantsiz. Ekimenean parte hartzeko dokumentu hori beteta bidali behar da euskara@barakaldo.eus helbide elektronikora edo udaletxean aurkeztu erregistro bidez. Edonola ere, doako euskara ikastaroetara sartzeko, establezimenduak bermatu beharko du beti egongo dela langile bat euskaraz egin ahal izango duena.

Ikastaroak otsailean hasi eta ekainean amaituko dira. Astean eskola bat egingo da, sarean, tutoretzekin. Indartzeko eskainiko diren hizkuntza mailak A1, A2 eta B1 dira.

Bestalde, 'Euskaraz barra-barra' ikurra hiriko saltoki eta ostalaritza lokaletan ikusten hasiko da pegatinen, txapen eta zintzilikarioen bidez. Helburua da bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatzea.

"Sinbolo bat baino askoz gehiago da. Euskararen kalitatearen, inklusioaren eta ikusgarritasunaren zigilua da. Horregatik, kanpaina honetan parte hartzera animatzen ditugu merkatari eta ostalariak, euskara indartzeaz gain, Barakaldo euskaraz gehiago bizi ahal izateko hiri bihurtzen lagunduko dutelako", esan du.