DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)
Barik txartela Lurraldebusen autobusetan homologatzeko prozesua arrakastaz bukatu da eta, beraz, datozen hilabeteetan balioztatze makinak berritzeko prozesua amaitzen denean ordaindu ahalko da garraio txartel horrekin, Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak asteazken honetan jakinarazi duenez.
Dominguezek adierazi du proba teknikoak amaitu direla instalatutako balioztatze makina berrietan funtzionamendu egokia bermatzeko. Prozesu "konplexua" izan da esan du, "zailtasun teknikoak" izan dituela eta, are zailagoa izateko, ez dela aurretik lagungarri iuzan zitekeen antzeko operaziorik egin.
Hala ere, nabarmendu duenez, "aurkeztu zaizkigun arazoak konponduz joan dira eta gaur egun esan dezakegu Barik txartelaren homologazioa arrakastaz burutu dela".
Homologazioa "aurretiko urratsa" da Lurraldebusen Barik txartelarekin ordaindu ahal izateko. Aukera hori datozen hilabeteetan gauzatuko da, balioztatzen makinak berritzeko prozesua amaitzen denean. Ildo horretan, aurreratu du Bilman Bus eta Tolosaldea dagoeneko berrituta daudela, oso aurreratuta daudela Avanzan, eta La Guipuzcoanan hasi direla jada.
Gainera, gogorarazi du homologazioak hiriko autobusentzat ere balioko duela, eta haietan ere laster hasiko direla balioztatze makinak aldatzen.
"Arduratuta eta lanpetuta egon gara azken hilabeteetan Barik txartelaren elkarreragingarritasunarekin, jakin badakigulako, luzarotik datorren eskaria izateaz gain, mugarria izango dela Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko garraio publikoaren elkarreragingarritasunean", adierazi du.
Lurraldebuseko autobusetan Barik txartelarekin ordaindu ahal izatea "jauzi kualitatiboa" izango da, Mugirekin Bilboko metroan eta tranbian eta Gasteizko hiri autobusetan, tranbian eta Arabako hiriarteko autobusetan ordaindu ahal izatea izan zen bezala. "Zalantzarik gabe, neurri honek garraio publikoaren erabilerari bultzada berri bat emango dio", ziurtatu du.
Barik txartelaren elkarreragingarritasunari datozen hiletan gehituko zaizkie BAT txartelarena eta kreditu txartel bidezko ordainketa, baita Mugi txartel birtuala martxan jartzea ere.