Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari

Begoña Iturriza Zabala.
BERTSOZALE
Actualizado: jueves, 7 diciembre 2023 13:19

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Begoña Iturriza Zabala Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sorrerako kideak jantziko dio aurten txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 16an izango da, Bilbon.

Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta, ospakizunez gain, egindako bideari ere aitortza egin nahi izan diote. Bada, 40 urteko ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman eta beren beharra ikusarazteko erabakia hartu dute, eta, horren erakusle, Begoña Iturriza izango da aurtengo txapelketako txapel emailea.

1983an sortu zen egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte bezala ezagutzen dea, Bizkaiko bertso eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari.

Hasiera bide hori egin zutenen artean dago Iturriza. Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen 20 urtez.

Bertso eskolaz gain, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere, gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere. 40 urte beranduago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari, eta aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo.