Bengoetxeak dio euskara "bidegurutze batean" dagoela eta hortik irtetea "gizarte oso baten erronka" dela

Archivo - Ibone Bengoetxea
IÑAKI BERASALUCE-EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: miércoles, 20 noviembre 2024 12:22

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak asteazken honetan adierazi du euskara "bidegurutze batean" dagoela eta hortik irteteko hizkuntzak "guztiok" behar gaituela, ez delako "pertsona batzuen edo gobernu baten erronka, baizik eta gizarte oso baten erronka".

Bizkaia Irratiari eskaini dion eta Europa Press albiste agentziak jaso duen elkarrizketa batean, Bengoetxeak nabarmendu du euskararen ezagutza handitu egin dela azken hamarkadetan baina horrek ez duela bermatu kale eta gizarte erabilera handitu denik.

Horrela, euskara "emozio positiboekin" lotzearen alde agertu da. "Ondo esaten da euskara bidegurutze batean dagoela orain, eta bidegurutze horretatik irteteko euskarak guztiok behar gaitu. Hori da egin behar dugun pedagogia, ez dela pertsona batzuen edo gobernu baten erronka, baizik eta gizarte oso baten erronka", nabarmendu du.

Era berean, euskararen erabileran eragiteko hurrengo urteetako apustua aisialdian, lan munduan, etorkinetan, hedabideetan eta ingurune digitalean egin behar dela adierazi du. "Horiek dira gure bost erronkak eta horien inguruan ere pedagogia egin behar dugu", gaineratu du.

DOAKOTASUNA

Euskara ikasteko doakotasunari dagokionez, Ibone Bengoetxeak esan du "progresibotasunez" egin beharko dela, "ezin dugulako eraiki dena batera doakoa izatea".

Horrela, azaldu du aurreko ikasturtean C1 mailara arte ezarri zela doakotasuna 16-18 urtekoentzat, eta aurten A1 mailan jarri dela, eta, horri esker, matrikulazio horiek %30eko igoera izango dutela iragarri du, "oso igoera handia".

"Laguntza bat da. Askotan ez gara konturatzen A1 mailan matrikulatzen den norbaitek euskarari buruz ezer ez dakiela eta beharrezko duela kurtso oso bat egitea. Matrikula irailean izanda, beharbada 800 euro dira, eta familia batek beharbada ezin du irailean horrelako kopuru bat ordaindu. Asko etorkinak dira, eta etorkin batentzat euren lan egoeran eta egoera pertsonalean 800 euro ordaintzea irail batean ezinezkoa da eta honek lagundu egiten die", azaldu du.

Contador