BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
'Berba-Mintzoak' bilduma berria estreinatu duen 'Denboraren gurpilean' izenburuko liburua aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Laboral Kutxak astearte honetan Akademiaren egoitzan, Bilbon.
Hain zuzen, Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak, Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendariak eta Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikariak aurkeztu dute liburua.
Agerraldian azaldu dutenez, liburu sorta berriaren helburua da Euskaltzaindiak 1980ko hamarkadan abiarazi zuen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoaren mamia gizarteratzea, modu lau eta erakargarrian.
Bilduma etnografikoa da 'Berba-Mintzoa', eta 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa' obran jasotako lekukotasun oparoak ditu oinarri. Herri Hizkeren Atlasa Euskaltzaindiak 1984an abian jarritako egitasmoa da eta ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu.
Ehunka inkesta egin ziren 1980ko hamarkadan, hizkuntzaren datu guztiak bilduz: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren.
Arejitak azaldu duenez, "denboraren kontzeptua da lehen liburukirako hautatu dugun gaia. Ondoren etorriko dira argizagiei eta eguraldiari dagozkionak, eta arian-arian, Atlasaren inkestan jorratu ziren gai-arlo nagusiak. Hamabi edo hamairu gai-arloko sorta dugu aurrez begiz jota".
Gaineratu du bilduma berriak Herri Hizkeren Atlasaren "harribitxiak" agerian jarriko dituela, besteak beste, 1980ko hamarkadan eginiko inkestetan jaso ziren ipuin, kontakizun, erritu, esamolde, kanta, ohitura eta sineskerak, "orain arte publikatu gabeko material interesgarria".
Bestalde, Urgoitik erakundeen arteko elkarlanari heldu dio bere hitzaldia hasteko, eta gogoratu du aspaldikoa dela Laboral Kutxaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana.
"Zorionekoak gara aukera daukagulako erakunde askorekin elkarlanean aritzeko edo laguntzeko, eta Euskaltzaindiarekin bereziki. Akademiarekin dugun lankidetza harremana 1977. urtean hasi zen, Euskararen Liburu Zuriaren argitalpenarekin", azaldu du.
Nabarmendu du azken urteetan "makina bat aurkezpen" partekatu dituztela Akademiarekin, "gaur zabaltzera goazen 'Denboraren Gurpilean' liburuaren oinarrian dagoen Herri Hizkeren Atlasa ezagutarazteko egin direnak".
Bilduma berriaren garrantzia ere nabarmendu du Laborak Kutxako ordezkariak: "Euskara zaindu, babestu eta etorkizunari begira jartzeaz gain, bilduma honen bidez Euskaltzaindiak jasota dauzkan testigantzetatik abiatuta, garai bateko mundu ikuskera eta orduko bizimoduak berreskuratuko ditugu".
"Nor garen eta zer garen ulertzeko, nondik gatozen jakitea beharrezkoa dela deritzot eta sustrai haien balioetan oinarrituta, etorkizuneko erronkei erantzun egokiagoa emango diegula uste dut", azaldu du.
LIBURUAREN XEHETASUNAK
Azkenik, Zuriñe Goitiak aletu ditu liburuaren zehaztasunak. Denboraren antolaketari eta egutegiari lotutako kontzeptuak landu dituela esan du, eta, "kontzeptu edo eduki horiek izendatzeko hitz zein forma askotarikoak azaltzeaz gain, irakurleek euskararen eremu barruko hainbat kultura, bizimodu eta ohitura adierazpen" aurkituko dituztela.
Horrela, liburuaren gorputza hiru atal nagusitan antolatuta dago: "Lehenengoa 'Denboraren antolaketa' da, eta bertan astearen egunak, urtaroak eta urteko hilabeteak zehaztu dira. Bigarrenean, 'Egunaren atalak eta agurrak' izenekoan, egunsentia, goiza, eguerdia, arratsaldea eta abar xehetu ditugu, baita egunaren atalotan erabilitako agurrak ere; eta hirugarrenean, 'Urteko egun seinalatuak' izenburupean, urte barruko egun printzipalei erreparatu diegu, Urteberri egunetik Eguberri egunera bitartekoei".
Edukiei lagundurik, Markel Urrutia ilustratzaileak eginiko irudiek hornitzen dute liburua (azaleko irudia ere berea da). Gainera, atal bakoitzean QR kodea ere badago, nahi izanez gero Herri Hizkeren Atlasean baturik dauden hizkuntza mapetara jo eta hantxe ezarritako lexiko adierazpen guztien irudikapen geografikoa eskuratu ahal izateko.