BILBO, 8 Ago. (EUROPA PRESS) -
Bermeok 1912ko abuztuaren 12an gertatutako galernaren 104. urteurrena betetzen denean, hondamendi horretan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu Galerna Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatutako hainbat ekitaldirekin.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, abuztuaren 12an, ostiralean, galernaren 104. urteurrena betetzen denean, arratsaldean atuna erreta dastatu ahal izango da Bermeoko Olatuko kaian Galerna taldeak antolatuta.
Arratsaldean, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz 1912ko galarrena gogoratzeko eta itsasoan galdutako arrantzaleak omentzeko.
Ondoren, 21:00etan lehorrean dauden herritarrek Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankinkabara txistularien soinuak lagunduta eta bertan kandelak banatuko dira galernan euren bizia galdu zuten 143 arrantzaleak gogoratzeko. Iaz bezala, aurten ere Serrats enpresak banatuko ditu kandelak. Herritarrak bokalerantzat bideratuko dira eta bertan itsasontziekin batuko dira guztiak elkarrekin lora eskaintza egiteko ekitaldi hunkigarri batean.
Horrez gain, abuztuaren 12an, barikuan, Aita Guria baleontzia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa dohainik bisitatu ahal izango da "Bermeok itsasoarekin duen lotura eta historia zabaltzeko". Gainera, Bermeoko Arrantzaleen Museoak abuztuaren 14ra arte 1912ko galernari buruzko erakusketa bat hartzen du.
Bestalde, abuztuaren 11n, eguenean, Isabel Letek 'La Galerna y La Mar' liburua aurkeztuko du 19:30ean Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Eleberri historiko honetan egileak 1912ko galerna gainditu zuten emakumeak omentzen ditu eta euren bizipenak kontatzen ditu.
Guztira, Bermeon 75 emakume gelditu ziren alargun, euretatik asko haurdun, eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargai barik gelditu ziren. Historia eta argazki zaharren bidez, Letek emakume guzti horiek omenduko ditu aurkezpenean. Sarrera dohainik da.
1912ko galarrenean Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeunden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen. "1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 104 urte betetzen direnean, urtero bezala, Bermeoko herriak arrantzale guzti horiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egin nahi die", azpimarratu nahi izan dute Bermeoko Udaletik.
Horrela, Bermeoko Udalak Bermeoko herritarrei eta nahi duten pertsona guztiei ekitaldi hauetan parte hartzera gonbidatu die "gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko".