BILBO 5 Sep. (EUROPA PRESS) -
Bermeoko (Bizkaia) Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ostiral honetan hasi eta irailaren 16ra arte ospatuko dira, eta adin guztietako jendearentzat ekitaldi ezberdinak eskainiko dituzte. Musika, gastronomia, suziriak eta kirola izango dira protagonistak programa zabalean.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, ostiralean, 18:30ean, Almikatik jaitsiera egingo da Karrue, Saltsa Taldea eta Guretzat fanfarrearekin. Iluntzeko 20:30ean, Bermeoko irrintzilarien ekitaldia ospatuko da eta Regina Araluze zantzolariari omenaldia egingo zaio.
Gaueko 21:45ean Xixili aurkeztuko da udaletxean, eta 22:00etan, alkatearen pregoia, ikurrina jasotzea eta dunbada izango dira, Bemeotarrak fanfarrearekin. Aurreskuekin gozatzeko aukera egongo da gero, eta gaueko 22:45ean, Casus Belli eta Kaotiko taldeen kontzertuak egongo dira Lameran.
Irailaren 8an, larunbatean, Andra Mari Egunean, goizeko 10:00etan udalbatza batuko da udaletxe azpian alkate soinua entzuteko, eta ondoren, "Almikerantz abiatuko da Bermeo" pieza jotzen, Kankinkabara txistu taldea, Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak, Madalen, Roke, Tiadora eta Tomas buruhandiak, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika banda ibiliko dira. Almikako Andra Mari elizan meza nagusia izango da eta, ondoren, Alkartasuna dantza taldeak ohiko ohorezko aurreskua eskainiko dio Udalari.
Erraldoien eta buruhandien ekitaldia, Ume eta Gaztetxoen II. Duatloi Txiki Akuatloia, triki-poteoa trikitixagaz, kanta lehiaketa, Aiarako musika bandaren kontzertua, Bermeo eta Portugalete arteko futbol partidua, esku pelota partidua, eta idi probak ere izango dira larunbatean.
Umeen danborrada ere ospatuko da Andra Mari Egunean, eta eguna amaitzeko, gaueko 22:30ean, Valecea pirotekniaren eskutik, suziriak izango dira; horiek bukatzean suzko zezenak bereak egingo ditu. Ramonetarrak eta Gansos Rosas bertsio taldeen kontzertua entzun ahal izango da Lameran eta gero FM diskoteka egongo da.
Irailaren 9an, igandean, Arrantzale egunean, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan 13:00etan, eta ondoren, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. Egunean zehar fanfarreek herriko giroa alaituko dute eta 19:00etan Los Cinco Bilbaínos taldearen kontzertua egongo da Lameran. Gaueko 21:30ean Akerbeltz taldearen kontzertua izango da.
Arrantzale egunean ere izango dira txirrindulari lasterketa, kalejira txistulariekin, lora eskaintza, Alkartasuna dantza taldearen ekitaldia, sareginei eta makinistei omenaldia eta Galerna elkarteari esker ona emango zaie, besteak beste.
Irailaren 10ean, Andra Mari hirugarren egunean, goiz eta arratsaldean ume eta gazteentzako jolas parkea egongo da Gonzalo Nardiz Enparantzan. Era berean, Bilbosalsa taldearen saioa, idi probak, Orsai kale ikuskizuna eta txokolatada ere egingo dira. Gauean, suziriak izango dira Europla Pirotekniaren eskutik.
Irailaren 11n Itsasoko Eguna ospatuko da. Goizean, Ronpeolaseko espigoian, kukaña, ginkana eta itsasoko boloak antolatu ditu Gurutze Gorriak. Horrez gain, txokolatada, ume eta gaztetxoen playback txapelketa eta "Bodologoak" antzerkiarekin gozatu ahal izango da.
Irailaren 12an, XXX. Bermeoko Uria Ikurrina estropada aurkeztuko da. Nagusientzako bazkaria, Duo Marfil eta Duo Galea taldeen dantzaldiak, umeentzako tailerrak, XXXII. Bermeoko hiria esku pelota txapelketa, tortilla txapelketa eta nagusien playBack txapelketa ere izango dira.
Mus txapelketa, herri kirolen erakusketaren 38. edizioa eta bertso saioa izango dira protagonistak irailaren 13an. Egun horretan umeentzako poniak eta Herri Babesaren ur jaurtiketa ere ospatuko dira. Txosna gunean "Ez emon latie ekarri zeure kantie" ekimena egingo da.
LA FUGA
Irailaren 14an, VII. Batel Estropada, Mus txapelketaren finala eta XXXII. Bermeoko Hiria esku pelota txapelketa izango dira. Danborrada ere ospatuko da egun horretan, eta gauez Urgatz eta La Fuga taldeen kontzertuak izango dira. Kantzontzilo eta kuleroen lasterketan ere parte ahal izango dute ausartenek.
Sukalki Egunaren 38. edizioa ospatuko da irailaren 15ean, eta Talan giro polita izango da trikitilari eta kalejirekin. Egun horretan jokatuko da XXX. Bermeoko Uria Ikurrina estropada, eta gauean Ingo Al Deu taldearen kontzertu-dantzaldia izango da.
Irailaren 16an, baserri giroko azoka, okela dastatzea, landa-auzoetako pertsona nagusiei omenaldia, eskolarteko txirrindulari lasterketa eta Begoña Ama Birjina Begoñakoa urpean tronuratzearen XLIX. urteurrena ospatuko dira.
Horrez gain, Euskeraz Berbetan taldeak antolatuta, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolarien bertso saioa; Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia; eta Gurutze Aristegi, Nagore Garaioa eta Maitane Ruiz bermeotarren abestiak izango dira Santa Eufemia Enparantzan.
Eskualdeko sokatira txapelketa, esku pilota partidu nagusiak, dantzaldiak eta kontzertua txosna gunean egongo dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako azken egunean. Ohikoa den moduan, gaueko 22:30ean, doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko. Suziriak, Zaragozana pirotekniaren eskutik, eta suzko zezenak jaiei amaiera emango die.