Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako

Archivo - Gaztelugatxe
AYUNTAMIENTO DE BERMEO - Archivo
Publicado: sábado, 15 marzo 2025 12:35

BILBO 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko Udaleko Turismo Bulegoak Bizkaiko kostaldeko udalerritik Gaztelugatxeko San Juanera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak eskainiko ditu Aste Santuan, apirilaren 17tik 21era.

Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, bisitek hiru helburu nagusi dituzte: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea, eta Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren bertatik bertara ezagutzera ematea.

Horrela, Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketa eskainiko dira. Autobusak 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik, eta hiru ordu inguruko bisita gidatuak izango dira ondoren.

Dagoeneko erreserbak egin daitezke www.bizibermeo.eus webgunean; nagusiek 14 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 16 urte bitartekoek 9 euro eta 6 urtetik beherakoek euro bat. Gehienez ere, 6 urtetik beherako bi ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko.

Informazio gehiago behar dutenek Bermeoko Turismo Bulegoan eska dezakete, 94 617 91 54 telefono zenbakira deituta edo turismoa@bermeo.eus postara idatzita, edo www.bizibermeo.eus webgunean sartuta.

Bermeoko Udaletik nabarmendu dute Gaztelugatxeko San Juan herriaren "zati eta esentzia" dela, eta bisita gidatuek aukera eskainiko diete bisitariei "Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez".

Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen berezitasunak ezagutzeko aukera izango dute erreserba egiten dutenek. Inguru horretan Matxitxako lurmuturra ere badago, bere bi itsasargiekin, eta, horrela, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko zaizkie bisitariei.

"Ingurune babestu hori guztion artean zaindu beharra daukagu. Zerbitzu honekin Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatu gura dugu, ikuspegi ekoturistiko batetik", adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek.

Contador