'Bertatik Bertara' kanpaina antolatu dute, "gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak" aldarrikatzeko

Kanpainarako prestatu den materialetako bat
UEMA
Actualizado: miércoles, 3 junio 2020 13:48

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

'Bertatik Bertara' kanpaina jarriko dute martxan ekainaren 19an UEMAk eta hainbat udal eta eragilek, udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta "gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak" aldarrikatzeko.

UEMAko iturriek adierazi dutenez, covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. "Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan", esan dute.

Horrela, kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk. Besteak beste, jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duen edonork mahai gainean ikusi ahal izango duen mantela, edota udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egongo diren kartelak, herritarrak eta bisitariak kontzientziatzeko.

Karteletan eta mahai gainekoetan ageri den testuak zera dio: "Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere". Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.

Udazkenetik aurrera, ordea, beste urrats bat egin nahi du UEMAk, udalerri euskaldunen garapenaren inguruan azken urteotan abiarazitako ildoaren baitan. Horretarako, bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak edota ekonomia sozial eraldatzailearen alde hainbat eragilek egindako bidea udaletatik laguntzeko modua zehaztu nahi da.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariaren hitzetan, "'Bertatik Bertara' kanpainarekin kontu horri ere heldu nahi diogu, udalei eta erakunde publikoei dagokigun arduratik. Gure herriez eta gure hizkuntzaz gozatzeko gonbidapena egitearekin batera, gure herriei bizirik eusteko bertako elikagaiak eta produktuak ere giltzarria direla nabarmendu nahi dugu, eta guztion hausnarketa eta ohitura aldaketak bultzatu".

Gogoratu duenez, zenbait herritan ekimen eredugarriak abiarazi dituzte azken urteotan ildo horretan, "eta horiek ezagutaraztea eta udalei bide hori egiten laguntzea ere bada kanpaina honen hurrengo faserako aurreikusita daukaguna".