Bertsolariei buruzko bigarren ikerketa egiteko prozesua abiatu du Bertsozale Elkarteak

Archivo - 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala
Iñaki Berasaluce - Europa Press - Archivo
Actualizado: miércoles, 6 noviembre 2024 13:45

BILBO 6 (EUROPA PRESS)

Bertsolariei buruzko nondik norakoak jasoko dituen ikerketa prozesua jarri du martxan Bertsozale Elkarteak, sustapen, hezkuntza eta ikerkuntza estrategia eraginkorragoak irudikatzen lagunduko duelakoan. Ikerketaren parte kuantitatiboari dagokion galdetegia sail, herrialde eta Ahalduntze Bertso Eskolak egindako ekarpenekin osatu da, beti ere 1987ko ikerketa oinarri hartuta, eta galdetegia azaroko lehen hamabostaldian igorriko zaie bertsolariei.

Bertsozale Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, mota honetako ikerlan bat egiten den bigarren aldia da; lehenengoa 1987an izan zen, 'Jakin' aldizkariak bere 44. zenbakian argitaratu zuena. Ordutik hona, ia lau hamarkada pasatu ostean, gizartea, bertsogintza eta bertsolariak eurak ere arras aldatu direnez, "bada garaia egungo bertsolarien argazki eguneratua eduki eta kontuan har dezagun".

Inkesta diseinatzeko orduan 1987ko ikerketako galderak hartu dira kontuan, baina, horrez gain, jende eta aditu ugarik hartu dute parte diseinuan. Berariaz eratutako batzorde bat aritu da ikerketa pentsatzen eta inkesta diseinatzen; batzordeko kide dira Bertsozale Elkarteko hainbat borondatezko eta soldatapeko zein soziologian adituak diren EHUko bi irakasle.

Batzordeak hautatu eta formulatu du galdera sorta, baina aurretiaz orotariko ekarpenak jaso ditu eragile askorengandik, eta Bertsozale Elkarteko sailek, herrialdeetako elkarteek zein Ahalduntze Bertso Eskolako kideek hartu dute parte. Galdetegiak dituen 50 itaunak sei ataletan multzokatu dira: zu-hizkuntzak-kultura, bertsozaletasuna, bertsolari, bertso eskola, Bertsozale Elkartea eta saioen antolaketa.

Ahalik eta laginik adierazgarriena nahi denez, inkesta bertsolarien talde zabal bati helaraziko zaio, eta Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera 2022. eta 2023. urteetan gutxienez saio batean aritu ziren bertsolariek jasoko dute inkesta anonimoki betetzeko deia. Halere, gerta liteke galdetegia aipatu baldintza betetzen duen bertsolari batengana ez iristea; kasu horretan, galdetegia bidaliko litzaioke eskaera azaroaren 20an baino lehen eginez gero, Bertsozale Elkartera deituta edo ikerkuntza@bertsozale.eus-era idatzita.

Aztiker Ikergunearen bidez bidaliko da galdetegia, eta Aztiker bera jarriko da bertsolariekin harremanetan, azaroko lehen hamabostaldian. Erantzun guztiak jasotakoan, horiek landu, ondorioak atera eta txostena idatziko du ikerketaren batzordeak. Ondotik, txosten hori bera baliatuko du ikerketaren bigarren atala diseinatzeko, kualitatiboa, hots, banakako elkarrizketak eta tailerrak.

Leer más acerca de: