BILBO 1 Dic. (EUROPA PRESS) -
Ezagutza eta bertsoa batzen dituen Bertsozientzia ekimenaren aurtengo edizioa egingo da ostiral honetan, abenduaren 1ean, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta itsasontzien aurkako orken erasoak, 2002an pandemia baten arriskuaz hitz egin zuen zientzialaria edo hizkuntzen edota emozioen arteko lotura izango dira bertsoetarako gaiak.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, 'Jakinduriek mundua erreko dau' izenburupean zientzia eta bertsolaritza batuko dituen saioak EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du, eta aurten, berriz ere, hiru zientzialarik jorratutako gaiak oinarritu hartuta bi bertsolarik abestuko dute.
Gaiei dagokionez, Irati Diez Virto biologo eta Zientzia Kaierako kolaboratzaileak azkenaldian gertatu diren itsasontzien aurkako orken erasoen inguruan hitz egingo du 'Adimen artifiziala, bai zera... orken iraultza dator!' hitzaldian; Mikel Santesteban Insausti hizkuntzalari eta EHUko ikertzaile doktore iraunkorrak, berriz, hizkuntzen eta emozioen loturan sakonduko du 'Berdin emozionatzen gaituzte gure hizkuntza guztiek?' hitzaldian.
Hirugarrenik, Josu Lopez Gazpio Kimika doktore, irakasle eta zientzia dibulgatzaileak 'Iragana aztertu, geroa ulertzeko' hitzaldia emango du: Johan Hultin patologoaren ikerketaz hitz egingo du, urte luzez 1918ko gripea aztertu ondoren, 2002an gizateriak pandemia bat jasango zuela esan zuen ikertzailearenaz, hain zuzen ere.
Hiru gai horiei Miren Amurizak eta Andoni Egañak jarriko dizkiete bertsoak, Kike Amonarrizek saioa gidatu eta, lehiaketa baten bitartez, bertaratutakoen jakinduria neurtzen duen bitartean.
Bertsozientzia egitasmoaren edizio berria ostiral honetan egingo da, 18:30ean, EHUko Bizkaia Aretoan, Bilbon. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.