Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal UEMAra gehituko dira larunbatean

UEMAko kide diren udaletako hainbat ordezkari, 2019ko urrian Getarian egindako batzarraren ostean
UEMA
Actualizado: miércoles, 15 diciembre 2021 10:54

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

UEMAk urte amaierako batzar nagusia egingo du larunbatean, abenduaren 18an, Idiazabalen, eta batzarkideek aztergai izango dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere. Zehazki, Gipuzkoako Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal dira azken aste eta hilabeteotan mankomunitateko kide izatea erabaki duten udalak.

Bada, larunbatean udalerri horien eskaerak onartuz, 94 udal izango dira UEMAko kide, denen artean 275.00 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Idiazabalek astearte honetan bertan onartu du UEMAko kide izatea, abenduko udal osoko bilkuran.

UEMAk 30 urte bete zituen maiatzean, eta urteurrena gogoratzeko Amasa-Villabonan egindako ekitaldian Iraitz Lazkano lehendakariak gogoratu zuen modura, "UEMAren sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 udal ziren UEMAko kide, eta zortzi gehiago izango gara larunbat honetatik aurrera".

UEMAko kide diren udaletako ordezkariek 10:00etan hasiko dute batzar nagusia larunbatean, Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan. 2021ean bideratutakoen balantzea egiteaz gain, 2022rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.