Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren historiari buruzko hitzaldi zikloa antolatu dute

Archivo - Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren bulegoa
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: jueves, 27 junio 2024 11:16

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Sabino Arana Fundazioak hitzaldi zikloa antolatu dute lurraldean uraren erabilera kudeatzen duen erakundearen bilakaeran berebiziko eragina izan duten mugarri historiko handiak ezagutzeko. Lehen hitzaldia uztailaren 3an izango da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, eta Daniel Fernandez Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko zerbitzu teknikoen zuzendari ohiak eskainiko du, 'Partzuergoaren jatorria eta Bizkaiko egoera ekonomikoa 1970-1980 aldian' izenburupean.

Zikloaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1967ko martxoaren 17an, Bizkaiko 19 udalerrik eta gaur egun desagertuta dagoen Bilbo Handiko Administrazio Korporazioak partzuergoa eratu zuten oinarrizko sareko ur hornikuntzako eta saneamenduko zerbitzuak instalatu eta kudeatzeko.

Gaur egun, 57 urte geroago, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 1.100.000 biztanleri baino gehiagori ematen die zerbitzua, hau da, Bizkaiko biztanleriaren %96,26ri, eta inbertsio handia egin du saneamendu sistema orokorrean.

Egun, 97 udalerrik osatzen dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Uribe Kosta, Arratia, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai eta, berriki, Busturialdea eskualdeak gehituta. Erakundearen eragin eremuan Bizkaiko hiri eta industria eremu handienak daude.

Bada, lau topaketatan, Sabino Arana Fundazioaren gogoeta eta eztabaida mintzagunearen esparruan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren jatorria jorratuko da eta lurraldeko azpiegitura hidraulikoei "benetako iraultza ekarri zieten pertsona guztiak" aletuko dira.

Lehen hitzaldian, Daniel Fernandez Bilbao Bizkaia Partzuergoko zerbitzu teknikoen zuzendari ohiak 'Partzuergoaren jatorria eta Bizkaiko egoera ekonomikoa 1970-1980 aldian' gaia landuko du, uztailaren 3an, 19:00etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren iritziz, funtsezkoa da saio horiek erakundea eratzeko egin ziren lehen ahaleginetatik abiatuta egitea. Orain dela sei bat hamarkada, etxeko ura bi orduz besterik ez zegoen erabilgarri Bizkaiko herri gutxi batzuetan; orduan, Angel Galindez Zelaieta agronomia ingeniariak eginkizun erabakigarria izan zuen Bilbo eta Bilboaldea urez hornitzeko arazoak konpontzen eta egungo Ur Partzuergoa eratzen.

Eratu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 1970eko eta 1980ko hamarkadetako egoera ekonomikoak eragina izan zuen erakundearen ibileran, eta horrek hein handi batean baldintzatu zituen arduradunek hartu beharreko erabakiak, lehen hitzaldian azalduko den bezala.

Contador