BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Bilbok ere bat egin du maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiarekin, eta jardunaldi bana antolatu du euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketaren laugarren edizioaren aurretik, martxoaren 20, apirilaren 3 eta maiatzaren 15erako.
Hala iragarri dute astearte honetan Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariak, Alazne Astorga eta Uxue Sagarminaga Euskaraldiaren Bilboko dinamizatzaileek eta Eneko Carrillo Berbaizu Euskara Elkarteko kideak.
Bada, aurten hiru izango dira jardunaldi nagusiak. Lehenbizikoa martxoaren 20an izango da, Euskaraldiaren banakako izen-ematea ireki eta bost egunera: hiriko hainbat sektoretako erreferenteek Euskaraldiaren aurkezpen publikoa egin eta parte hartzera gonbidatuko dute.
Hurrengo jardunaldia apirilaren 3an izango da, entitateen ingurukoa, eta, azkenik, ekitaldi handi bat antolatuko da maiatzaren 15ean ekimenaren hasierari ikusgarritasuna emateko. Hasiera jendetsua egingo da, hiriko espazio publiko esanguratsu batean, eta orduan hasiko dira ekitaldiz beteriko 11 egunak.
Agerraldian azaldu dutenez, Euskaraldiaren klaugarren edizioak helburu argia du: euskararen erabilera aktibatzea. "Ez dira, beraz, jarduera sozialeko 11 egun bakarrik, zerbait gehiago da, dinamika bat zabaldu nahi baita denboran eta gizartean", esan dute.
Aktibazioan oinarriturik, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera areagotzea dira helburuak dadila. Era berean, euskarazko kultur jarduera indartu nahi da, lankidetza sustatu eta entitateak euskaraz bizitzeko neurriak hartzera bultzatu.
Aurtengo edizioa udaberrian egitekoa denez, antolatzaileek proposatu dute Euskaraldia "kalera ateratzea", ahobizi eta belarriprest rolen bitartez, "testuinguru ezin hobea" ematen baitu hizkuntza ohiturak aldatzeko, eta, arduradunen iritziz, "esanguratsua da aldaketa hori Bilboko kaleetan ikustea".
"Gure gizarteak kaleetan egiten du bere bizitzaren zati handi bat, eta, horregatik, euskaraz hitz egin nahi duten pertsonez bete nahi ditugu kaleak. Uste dugu Euskaraldiak giro ezin hobea sortzen duela horretarako", adierazi du Uxue Sagarminagak.
Era berean Alazne Astorgak gaineratu duenez, "askotan, ez gara konturatzen, baina gure lehenengo hitzak funtsezko leku batean kokatuko du hizkuntza beste pertsonarekin dugun harremanetan. Uste dut Euskaraldiak duen altxorrik politena dela judiziorik gabeko espazio seguruak sortzen dituela".
BILBOKO UDALA ETA AUZOAK
Biziprest elkartearen eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenari esker egingo da Euskaraldia beste urte batez Bizkaiko hiriburuan. Horrela, Mari Jose Arrieta Euskaraldia moduko ariketa sozial masiboen alde agertu da.
"Komunikatzeko darabilgun lehenengo hitza euskarazkoa izateak garrantzi handia du, baita gure hirian ere. Elkarrekintza bakoitzean, euskararen erabilera handitu egiten baita, eta elkarrekin lan eginez lortzen da horretarako giro egokia sortzea. Nahi dugu Euskaraldia parte hartze aktiboko ariketa bat izan dadila, euskara erdigunean jarriko duena", nabarmendu du.
Bestalde, Eneko Carrillo nabarmendu du Bilboko herritar askoren "sozializazio gune nagusia eurak bizi diren auzoak" direla, eta, horregatik, Euskaraldiko jarduera asko auzoetan egitea dela helbuerua, bertako euskaltzaleekin elkarlanean.
Ildo horretan, dagoeneko zenbait informazio mahai antolatu dira hiriko auzoetan, Euskaraldiari ikusgarritasun eta presentzia handiagoa emateko hiri osoan. Gainera, hainbat auzotan Euskaraldiarekin loturik dauden batzordeak berraktibatzen ari dira, bakoitzak bere eremuan ekimenak antolatzeko.
Azkenik antolatzaileek nahi dute entitateen parte hartzea sustatzea eta erreferentzia puntu izatea auzoak ez diren gizarte sektoreak ere batzeko. Entitateek izena emateko epea zabalik dago euskaraldia.eus webgunean, eta era horretan lortu nahi da parte hartzaileen profila ahalik eta askotarikoena izatea eta ariketa ahalik eta masiboena izatea.