Bilboko gizarte eragileek "inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde lan egiteko" deia egin dute

Ekintza aldarrikatzailearen irudia
FEKOOR
Actualizado: martes, 10 diciembre 2024 14:33

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Alboan, Aletu, Amnesty International, Bizitegi, Fekoor, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zubietxe eta Lagun Artean Bilboko erakundeak biltzen dituen Giza Eskubideak 10 Plataformak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu du astearte honetan, 'Borrokan jarraitzen dugu' lelopean, eta "inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde lan egiteko" deia egin du.

Basurtuko gizarte etxean egindako mahai inguruan, erakundeokin batera, Imanol Zubero eta Maria Silvestre soziologoek parte hartu dute, eta egungo gizartean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek dituzten erronkei buruz aritu dira.

Era berean, Aita Donostia plazan egindago aldarrikapen ekintzan, parte hartzaileek eskailera batzuk gurutzatu dituzte kalean, aterkiak zintzilik zituztela aldarrikapen esaldiekin, "gizarte mailan gora egitea zeinen zaila den agerian uzteko".

Bilboko plataforma osatzen duten gizarte erakundeek bi ekitaldietan azpimarratu dutenez, "banaketak eta bazterketak gero eta nabarmenago egiten duten testuinguru globalaren aurrean, etorkizun justuagoa eraiki behar da, pertsona guztiek tokia izan dezaten".

Horregatik, dei egin diete botere publiko eta herritarrei, oro har, "inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde borrokan jarraitzeko eta lan egiteko, hurbileko testuinguruetatik globaleraino".

Aldarrikapen zehatzen artean, Giza Eskubideak 10 Plataformak azpimarratu du beharrezkoa dela Bilboko auzoetan garapen "justu eta bidezkoa" sustatzea, "arreta berezia jarriz desberdintasunak murrizteari", eta pertsona guztiek aukera berdinak izatea bermatzea, jaiolekua edozein dela.

Halaber, eragileok arreta jarri nahi izan dute desgaitasuna duten pertsonek komunitatean "erabat" parte hartzeko duten eskubidean. Ildo horretan, plataformak adierazi du "premiazkoa" dela "irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna bermatuko dituzten neurriak ezartzea, ezinbesteko oinarri baitira gizarte inklusibo eta errealitate guztiak errespetatuko dituen gizarte baterantz aurrera egiteko".

Beste eskaera bat da "benetako genero berdintasuna" lortzea. Zaintza lanak oraindik ere emakumeen gain daudela salatu du plataformask, "bereziki emakume migratuen gain", eta "erantzukizun horiek modu justuan banatzea ahalbidetuko duten politikak" eskatu ditu.

BIZILEKU DUINAK

Etxegabeen egoerak ere leku nabarmena izan du Giza Eskubideak 10 Plataformaren aurtengo aldarrikapenetan, eta nabarmendu du beharrezkoa dela "bizileku duinak bermatzea eta laguntza sareak bermatuko dituzten politika integralak abiatzea, osasun mentaleko zerbitzuak, prestakuntza, enplegua eta laguntza sareak barne hartzen dituztenak", pertsona askok pairatzen dituzten gizarte bazterkeriaren zirkuituak hausteko.

Era berean, migrazioaren "kriminalizazioaren" aurrean, plataformak "babesa bilatzen dutenen duintasuna" defendatu du, eta gogorarazi inor ez dela ilegala eta bizitza orok babestua izatea merezi duela. Migrazio politikak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarritako berdintasun eta justizia printzipioekin bat etorri behar direla aldarrikatu dute.

Azkenik, plataformak gogorarazi du "gizateriaren etorkizunak planetaren basarekin harreman estua" duela, eta, ikuspuntu horretatik, "pobrezia murriztu eta natura babesteaz gain, egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatuko duen garapen iraunkorreko eredu batera" jotzea defendatu du.

Contador