Bilboko Udala Orkestra lehiakortasunerako institutuaren kontseiluko kide izango da

Bilbo.
BILBOKO UDALA - Archivo
Publicado: jueves, 3 diciembre 2020 17:50

BILBO 3 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak eta Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza hitzarmen bat sinatu berri dute, udalbatzak berretsita, eta udala institutuaren kontseiluko kide izango da. Akordioaren bitartez, hiri lehiakortasunerako politikak diseinatzeko eta ezartzeko orduan Bilbo "laborategi bizi gisa ikusarazteko" dagoeneko lantzen duten lan ildoa indartu eta garatu nahi dute bi erakundeek.

Horrekin batera, Orkestra institutuak hiri lehiakortasunari lotutako ikerketa ildo bat sustatu nahi du 2021-2024 aldirako Plan Estrategikoaren barruan. Horren bitartez, hiriek gizartean duten garrantziak gora egin izanak dakartzan ondorioak ulertu nahi dituzte, eta horrela, Euskadiren erronka sozioekonomikoak jorratu.

Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez egingo du bat Orkestrarekin, eta lankidetzari esker, beste erronka batzuren artean, Bilboren nazioarteko aintzatespena eta kokapena landu nahi dira, bai eta Euskadiren lehiakortasunean hiriek duten zeregina aitortzeko eragina handitu ere.

Bestalde, Orkestrak hiri lehiakortasuna egonkortzea lortu nahi du, datozen urteetarako lan ildo estrategiko gisa, bai eta beste ikerketa ildo batzuekin loturak ezarri ere, besteak beste, digitalizazioarekin edo energiarekin.

BILBAO NEXT LAB

Bilboko Udalak eta Orkestrak aspalditik egiten dute lan elkarrekin. Besteak beste, udalak 2013an garatutako Bilbo Next Lab proiektua nabarmentzen da lankidetza horretan. Gaur egun, ikertzeko eta ekiteko laborategi bat da, non aipatutako ikerketa ildoak garatu daitezkeen, Bilboren espezializazio adimenduko hiri estrategiaren esparruan.

Laborategiak espezializazio adimenduna bultzatu nahi du hiriko eragileekin batera, eta arreta berezia jarri nahi du zerbitzu aurreratuen alorrean. Era berean, Bilbao Next Lab ekimenak Orkestrari aukera ematen dio hiri lehiakortasunarekin zerikusia duen komunitate akademikoan txertatzeko.

Deustu Fundazioko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua erreferentziazko euskal entitatea da garapen sozioekonomikoa eta ongizatearen garapena bultzatzen duten politikak aztertzeko eta sustatzeko orduan.

Honako hauek dira erakundearen administrazio kontseiluko kide: Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Spri, Energiaren Euskal Erakundea, Repsol/Petronor, Iberdrola, BBK Fundazioa eta Euskaltel. Orain, Bilboko Udalak ere haiekin egingo du bat.