Bilboko Udalak 2,6 milioi euro erabiliko ditu Luis Briñas kalea urbanizatzeko

Luis Briñas kalearen infografia
BILBOKO UDALA

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko gobernu bilerak Luis Briñas kalea hobetzeko obrei ekiteko bi aurrekontu sailak onartu ditu, eta orotara 2.608.972,44 euro erabiliko ditu. Lanak izitaziora aterako dira orain, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Obren helburua da espaloiak handitzea, argiak modernizatzea, zerbitzuak berritzea eta landareak jartzea, kaleari itxura naturalagoa emateko. Gainera, bidegorri bat proiektatu da Ingeniaritza Eskolaren ondoan, aurretik egindako bidegorri zatiak lotzeko.

Obrek fase bi dituzte. Lehenengo faseak Urkixo zumarkalearen eta Zunzunegi etorbidearen arteko zatia hartzen du, baita Intermodaleko sarreraren ingurua ere; 1.251.152,44 euroko aurrekontu esleipena du (BEZ barne), eta zortzi hilabeteko epea.

Bigarren faseko lanak Urkixo zumarkaletik Autonomia kalera arteko zatian egingo dira, eta kasu honetan, aurrekontua 1.357.820 euro da (BEZ barne), eta lanak egiteko zortzi hilabeteko epea jarri dute.