Bilboko Udalak beste bi lekura eramango du hiriko 100 urteko saltokiei buruzko erakusketa

Bilboko 100 urteko saltokiei buruzko erakusketa
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 22 abril 2025 16:53

BILBO 22 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak hiriko beste bi tokira eramango du Bizkaiko hiriburuko 100 urtetik gorako saltokiei eskainitako erakusketa, herritarren ekimenari egindako harrera ona ikusita. Erakusketa Uribitarte pasealekuan egon da apirilaren 10etik, eta astearte honetan hasi dira desmuntatzen, ibilbide berriari ekiteko.

Bada, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, lehenengo kokalekua Ercilla kalea izango da, Meninen inguruan, eta maiatzaren 5era arte egongo da bertan. Ondoren, Erriberako merkatuaren zabalgunean jarriko da, oinezkoentzako zubiaren ondoan, maiatzaren 15era arte.

Erakusketaren helburua tokiko merkataritza babestea da, "Bilboren historia bizia diren eta izango diren merkatariak eskertzeko eta omentzeko". Hain zuzen ere, erakusketak izan duen harrera handiaren ondorioz, Bilboko Udalak ibilbide berriekin luzatuko du.

Formatu handiko 52 argazki dituzten 26 egitura metalikok osatzen dute erakusketa. Argazkiok "Bilboko betiko komertzioen alde humanoena islatzen dute", jabeen irudiekin eta negozioei buruzko kontakizunekin.

Erakusketa ibilbide moduan planteatuta dago, establezimendu bakoitza ikusi eta ezagutu ahal izateko. Horretarako, panel bakoitzak QR kode bat du, saltoki bakoitzaren kokapen planora eta Bilboko Udalak egindako katalogora sartzeko aukera ematen duena.

Contenido patrocinado