Bilbotarren ia %70ek dio bere osasuna "ona" edo "oso ona" dela

Jendea korrika gimnasio batean
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 3 octubre 2024 12:50

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak ohitura eta bizimodu osasungarriei buruzko azterlana egin du, 18 urtetik gorako herritarrek euren osasun egoerari buruz duten pertzepzioaren adierazle nagusiak zehaztuz. Bada, azterlanaren arabera, bilbotarren %69,3k uste du bere osasuna "ona" edo "oso ona" dela, eta pertzepzio hori baikorragoa da gizonen artean eta behera egiten du adinak aurrera egin ahala.

Alvaro Perez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak esan du datu horiek "garrantzitsuak" direla politika eraginkorrak garatzeko. "Txosten honek Bilboko biztanleen osasunean eragina duten ohitura eta bizimoduen argazkia ematen digu. Bizi estilo osasungarriagoak sustatzeko eta esparru guztietan ongizatea eta osasuna sustatzeko estrategiak proposatzeko konpromisoa hartzen dugu", adierazi du.

Txostenean nabarmentzen den beste datuetako bat gehiegizko pisuaren prebalentzia da, hiriko biztanleriaren %47ri eragiten baitio, eta ohikoagoa da gizonezkoen eta adinekoen artean. Hala eta guztiz ere, inkestatuen % 50 pisu maila egokian dago.

Alkohol kontsumoa ere "esanguratsua" da, inkestatutako emakumeen eta gizonen %50ek baino gehiagok onartu baitu alkohola gutxienez astean behin edaten duela, eta joera hori nabarmenagoa da gizon eta emakume gazteenen artean. Tabakoaren kontsumoari dagokionez, biztanleriaren %82,2k dio ez duela tabako tradizionalik erretzen, eta gazteen artean, berriz, %14k erabiltzen du tabako ez-tradizionala (zigarreta elektronikoak, adibidez).

Halaber, prebentzio programek osasunean duten eragin positiboa nabarmendu du azterlanak, parte hartze handia izaten baitute bularreko eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarra bezalako ekimenek: Bilboko xede populazioaren %80 inguruk parte hartzen du.

OSASUN FISIKOA ETA EMOZIONALA

Bestalde, azterlanaren arabera, hamar pertsonatik zazpik jarduera fisiko leun edo neurrikoren bat egiten dute asisialdian Bilbon, eta %13,7k ez du jarduera fisikorik egiten; joera hori areagotu egiten da adinarekin. 30 urtetik beherakoak dira jarduera fisiko bizietan gehien inplikatzen direnak, eta %41,2k dio ariketa bizia egiten duela aldizka.

Osasun emozionalari dagokionez, Bilboko biztanleriaren %42,2k ez du antsietate edo tristura egoerarik izan azken asteetan, baina %20 inguruk adierazi du duela gutxi ondoez emozionaleko uneak bizi izan dituela. Gainera, hamarretik hiruk senideak zaintzen dituzte, eta horrek gainkarga eragiten du kasuen ia erdietan.

Txostenak bakardade sentimendua ere islatzen du, biztanleriaren %16ri eragiten baitio behin eta berriz; sentimendu hori ohikoagoa da emakumeen eta gazteen artean. Bilbotarren %53,8k adierazi du ez duela bakardaderik sentitu azken urtean.

Hiriko biztanle gehienek beren osasunaren pertzepzio positiboa dutela oinarritzat hartuta, Bilboko Udalak hiritarren ongizatea hobetzen jarraitzeko estrategiak bultzatzen jarraituko du Osasunaren I. Udal Planaren esparruan.

Contador

Leer más acerca de: