Bizkaian eta Gipuzkoan egin den Liburu Gaztea egitasmoaren irabazleak datorren astean iragarriko dira

Liburu Gaztea
GALTZAGORRI
Actualizado: jueves, 11 mayo 2023 11:55

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Bizkaian eta Gipuzkoan egin den Liburu Gaztea egitasmoaren sari banaketa ekitaldiak egingo dira maiatzaren 16an eta 19an Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren. Jada ezagunak diren finalisten arteko kategoria bakoitzeko irabazleak ezagutaraziko dira bertan, baita publiko zabalaren booktrailerrik bozkatuenak ere, lehiaketa antolatu duen Galtzagorri elkarteak jakinarazi duenez.

Egitasmoaren 11. edizioan 294 booktrailer jaso dira Gipuzkoako DBHko ikastetxeetatik, eta 2.200 gazte inguruk parte hartu dute; Bizkaian lehenengo aldiz antolatu da lehiaketa eta arrakasta handia izan du, 134 booktrailer jaso eta 1.700 ikasle inguruk parte hartu baitute.

Bi lurraldeotako gazteek Galtzagorri elkarteak hautatutako liburuetako bat irakurri eta horren inguruko booktrailer bat sortu behar izan dute taldeka. Egitasmoak gazteen irakurzaletasuna sustatzea eta euskal gazte literatura zabaltzea ditu xede.

Irabazle guztien izenak 'streaming' bitartez jarraitu ahal izango diren bi sari banaketa ekitaldietan emango dira ezagutzera. Bizkaiko ekitaldia Bilboko Azkuna Zentroan izango da, maiatzaren 16an, 11:00etan hasita.

Ainhoa Etxebarria izango da aurkezlea, eta Nestor Atxikallende Bizkaiko Aldundiko Euskara Zerbitzuko buruak, Eider Eibar ilustratzaile eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak eta Eukene Herrera Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literaturako koordinatzaileak banatuko dituzte sariak. Finalera iritsi diren 20 gazte baino gehiago izango dira bertan.

Gipuzkoako ekitaldia, berriz, maiatzaren 19an izango da, 11:00etan, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Beatriz Egizabalek egingo ditu aurkezle lanak, eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editore eta idazleak eta Migel Anjel Mintegi idazleak banatuko dituzte sariak. Finalera iritsi diren 30 gazte baino gehiago izango dira han.

Leer más acerca de: