Bizkaiko Aldundiak hiru milioi euro banatuko ditu 2025ean udalerri txikietako azpiegiturak finantzatzeko

Archivo - Mundaka
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: jueves, 21 noviembre 2024 13:46

BILBO, 21(EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro erabiliko ditu 2025. urtean biztanle gutxien duten lurraldeko udalerrietan tokiko azpiegiturak finantzatzeko. Laguntza horiek arautzen dituen Foru Dekretua onartu du ostegun honetan foru erakundeak gobernu bileran, eta 7.500 biztanle edo gutxiagoko udaletara bideratuta daude.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko bozeramaile eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, programak barne hartzen du hainbat obraren finantzaketa, besteak beste, eraikinak eraberritzea, espazioak oinezkoentzat egitea, bide publikoak eta hiri aparkalekuak egin eta zolatzea, ekipamendu publikoak eta horniduretarako azpiegiturak estaltzea edo irisgarritasuna hobetzea.

Laguntzen aurrekontua bi zatitan banatuko da. Alde batetik, bi milioi euro izango dira 1.200 biztanle edo gutxiagoko udalerrientzat, eta diruz lagun daitekeen gehieneko aurrekontua 60.000 eurokoa izango da, proiektuko; bestetik, milioi bat euro gorde da 1.201 eta 7.500 biztanle arteko udalerrientzat, proiektuko 100.000 euroko mugarekin.

Jarduera guztiak iraunkorrak izan beharko dira, eta ez dute arriskuan jarri beharko udalen etorkizuneko egonkortasun ekonomikoa. Horregatik, diruz lagundutako azpiegiturek hurrengo hiru urteetan sor ditzaketen gastu gehigarrien finantzaketa iturriak justifikatu beharko dituzte udalek.

Eskaerak egiteko epea 2025eko urtarrilaren 1ean irekiko da, Foru Dekretua indarrean jartzearekin batera, eta 2025eko otsailaren 17an itxiko da. Diru laguntza jasotzen duten jarduketak guztiz amaituta egon beharko dira 2026ko abenduaren 31rako.

Laguntzak Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko erakundeei laguntzeko hartutako konpromisoaren parte dira, eta udalerri txikienen premiei eman dieten lehentasunaren erakusgarri dira. Gaur egun, Bizkaian 7.500 biztanletik beherako 86 herri daude.

Contador